Elkarretaratzea egin dute Erratzun LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunean

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 14:30

Jendetza bildu zen joan den ortziralean Erratzuko plazan, Harro Baztan taldeak Gure koloreak ez dira zuritzeko! lelopean deitutako elkarretaratzean, Sexu Askapenaren eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Eguna aldarrikatzeko

Agerraldian adierazi zutenez, «gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu erran. Gure luma, gure bizitza eredu ez-heterozuzenak eta gure hazkuntza ereduak ederrak direla aldarrikatu nahi dugu ozen».

Baina «are ozenago oihukatu nahi dugu gure borroka askapen borroka dela, LGTBIQ+ pertsonen askapena exijitzen duena, eta gainerako desjabetuena ere bai, eta horregatik, palestinar herria buruan dugula aterako gara karrikara aurten. Gure agintarien konplizitatearekin Israel egiten ari den genozidioaren aitzinean, berriz exijitzen dugu ez daitezela LGTBIQ+ eskubideak erabili sarraskia zuritzeko. Gure askapena aldarrikatzea Palestinaren askapena aldarrikatzea baita, eta ez baitago harrotasunik genozidioan».

Horrez gain, «ikusi ditugu aste hauetan enpresak eta etxegabetzen duten banketxeak ortzadar banderaren koloreaz beren logoak apaintzen. Kapitala metatzea bertze helbururik ez duten enpresa eta erakunde horiei erran nahi diegu ez dela bateragarria etxegabetzeak agindu eta aldi berean itxuraz LGTBIQ+ eskubideen alde agertzea, eta langileon esplotazioan ez dagoela harrotasunik». Ildo berean, «salatu nahi ditugu ekainaren 28a kapitala metatzen segitzeko eta hiriak turistifikatzeko tresna gisa erabili nahi dituzten ekimenak. Gure koloreak ez dira turismoa erakartzeko amua».

Gobernu, erakunde eta administrazioei dagokienez, «LGTBIQ+ bizitza guziak duinak izan daitezen, ez da aski urtean behin gurekin gogoratzea. Sakoneko aldaketak behar ditugu; hasteko, Atzerritartasun Legea lehenbailehen indargabetzea exijitzen dugu, pertsona migratzaileen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituelakoz. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzea ere bai. Era berean, salatu nahi dugu prostituzioaren abolizioaren izenean sexu langileen eskubideak are gehiago urratzen dituzten legeak sustatzeko ahaleginak».

Bertzalde, «trans legeak aurrerapausoak badakartza ere, legeak paper bustia dira gero pertsona transen eskubideak bermatzen ez badira. Gurutzetako ospitalean protokolo zaharrek indarrean segitzen dute eta ez da pertsona transen duintasuna zaintzen. Zer erranik ez, legeak ez du transfobia soziala ezabatu, ezta LGTBIfobia ere, eta horri aurre egiten segitzera deitzen dugu».

Azkenik, «guzion bizitzak bizigarri egiteko behar ditugun eraldaketak sakonak dira eta kapitalismoa eta hark bultzatzen duen eredu zisheterosexista, matxista eta arrazista direla osorik inpugnatu behar ditugunak. Etxebizitzarako, zaintzarako eta bizi baldintza duinak izateko aukerak emanen dituen gizartea behar dugu. Borrokan segituko dugu sexu eta genero disidente ororen gorputzak eta bizitzak duinak izan arte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun