Urkilo Komunitate Energetikoa sortu dute Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 12:00

Irudia: Irantzu Pastor.

Helburua ingurumen eta gizarte onurak sortzea da, baita kideei abantaila ekonomikoak eskaintzea ere. Elkarteko bazkide izateko eskaerak uztailaren 14ra arte egin daitezke

Urte hasmentan ekin zioten energia komunitatea sortzeko bideari Amaiurren, Baztango Udalak eta Amaiurko herriak bulkatuta. Azaldu dutenez, «energiaren inguruko gaiei komunitatetik ekiteko eredua da, eta hainbat onura eta abantaila ditu kideendako zein gizartearendako. Alde batetik, kontsumo moduak eta ohiturak aldatzeko formakuntza eta informazioa eskaintzen dute. Bertzetik, autokontsumo kolektiboko proiektuak martxan jartzeko tresnak dira».

Hori dela eta, Urkilo Komunitate Energetikoa aurkeztu zuten ekainaren 13an. Prozesuan hainbat aditu izan dituzte bidelagun; Artelan gizarte eraldaketarako enpresa dinamizazio lanetan, Kisar taldeko ingeniariak energiaren inguruko gaien formakuntzan eta Arankoarekin arlo juridikoa eta elkartearen konstituzioan. Adierazi dutenez, «Euskal Herrian hainbat herri eta auzotan martxan jarri dira energia komunitateak, eta haiek erreferentziatzat hartuta eta elkarrengandik ikasiz, Amaiurren ere erronkarekin bat egiteko apustua egin dugu».

Egindako lanketan hainbat proiektu posible mahaigaineratu dituzte: «epe motzerako, autokontsumo partekaturako instalazio fotovoltaikoak eta epe ertain-luzerako bertze energia berriztagarriekin proiektuak, hala nola, haizea, biomasa eta ura. Horrez gain, autoa partekatzea, kargagailu elektrikoa, ikastaro eta solasaldi-mintegiak ditugu burutan.

Izen ematea

Elkarteak dei egin die amaiurtarrei bazkide egiteko eta izen ematea uztailaren 14ra arte luzatuko da. Hiru bazkide mota izanen dira:

  • Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak: proiektu energetikoetako parte hartzaileak
  • Kolaboratzaileak: proiektu energetikoetan parte hartu gabe ekarpen ekonomikoak egiten dituztenak
  • Bazkide osoak

Interesa dutenek talde eragileko partaideekin harremanetan jar daitezke urkiloke@gmail.com helbidearen bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun