Elias Pierola

«Arras saltseroa nintzen, arriskutsua dirua jokatzen zutenendako»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 30a, 10:00

Elias Pierola almandoztarra aspalditik Donostian bizi da.

Elias PIEROLA ETXEBARRI, Almandozko pilotari ohia

Hemeretzi urtez esku pilotan profesionaletan ibili zen Almandozko pilotari handia eta bertze horrenbertze pasatu zituen afizionatuetan. Berriki, 80 urterekin, bi omenaldi egin dizkiote.

Aspaldi utzi zituen Elias Pierola Etxabarrik (Almandoz, 1944) sorterria eta Jauregia sortetxea. «Aspalditik Donostian bizi naiz, igual baditut 60 urte». Baina haurtzaroko oroitzapenak Almandozen ditu iltzatuak, bereziki frontoiaren bueltan: «Etxea frontoiaren ondoan genuen, eta orduak pasatzen genituen pilotan». Hantxe hasi zen lehenbiziko pilotakadak ematen. Ttiki-ttikitatik erakutsi zuen pilotan jokatzeko abilidade berezia eta halaxe nabarmendu zen gerora. Garai hartako edozein pilotazalek azpimarratuko ditu bere gaitasunak: Eskuinarekin zein ezkerrarekin jokatzeko abilidade handia, aurrelari bizia, bi paretak efektuarekin... El genial izengoitia ere hartu zuen orduko prentsan. 80 urte bete berritan, bi omenaldi egin dizkiote aurten. Lehenbizikoa maiatzean izan zen; pilotako lagun ohiek omendu zuten. Bigarrena ekainean; Pilotarien Batzarrak [pilotarien eta pilotazaleen elkartea] omendu du. Bere ibilbideaz aritu da Pierola II.a TTIPI-TTAPArekin.  

Nolako haurtzaroa duzu gogoan? 

Frontoiaren ondoan bizi ginen eta beti frontoian egoten ginen. Futbolean eta bizikletan ere ibiltzen ginen, baina pilotan ordu aunitz pasatzen genituen. Garai hartan ez genuen ez telebistarik, ez mobilarik eta ez halako deus izaten, eta pilotan aritzen ginen.

«Garai hartan ez genuen ez telebistarik, ez mobilarik eta ez halako deus izaten, eta pilotan aritzen ginen»

Nolatan pilotari profesional? 

Afizionatuetan Nafarroako Pilota Federazioarekin ibiltzen nintzen, torneoetan eta herriz herri. Egunkarietan ere agertzen ginen, eta halako batean enpresaren deia etorri zen. 

1965ean Empresas Unidas enpresarekin debutatu zenuen. Orduko zer oroitzapen dituzu?

Urretxun izan zen, Santa Luzia egunean, baina hortik aparte, lehenbiziko partida hartaz ez naiz oroitzen. Herriko eta Iruñea aldeko jendea partida ikustera joan zen, eta geroztik zer tanto egin nituen oroitarazi izan didate, baina nik ez dut gogoan. 

1975ean Eskulari enpresak fitxatu zintuen eta 1978an Maiz II.arekin binakako txapela irabazi zenuen. Aitzinetik garaipen gehiago lortu zenituen: 1977an eta 1978an San Fermin Torneoa irabazi eta Logroñoko San Mateo ferian aurrelaririk hoberena izendatu, 1962an Munduko Txapelketan parte hartu...  

Bai, baditut txapel eta trofeo aunitz, batzuk profesionaletan ateratakoak, baina bertze aunitz gerora afizionatuetan irabaziak. Pilota profesionala utzi nuelarik, afizionatuetan paleta goman, palan, trinketean, bortz kiroletan... segitu nuen, eta Juan Jose Txoperena eta biok elkarrekin aunitzetan irabazi genuen. Kontrarioak beti gazteagoak izaten ziren, gu baino hobeak, baina potentzia pazientziaren kontra izaten zen eta gehienetan irabazten genuen. Noiz erretiratuko ginen galdetzen ziguten. 

Maiz II.ak eta Pierola II.ak 1978an binakako txapela jantzi zuten.

Lesioak izaten zenituen? 

Behin, Orejaren kontra ari nintzelarik, Eibarren, irristatu eta besoa paretaren kontra jo eta klabikula bi tokitatik hautsi nuen. Bertze aldi batean, Leringo frontoiaren inaugurazioan, Lajos pilotariak pilotakada bat eman zidan belarri ondoan. Gainerakoan, eskuetatik gaizki ibiltzen nintzen. Horren kontra denetarik probatu nuen: takoak oinetakoen plantillekin, karakolekin enplastua, izainak edo xintximariak paratu... 26-27 urterekin bilatu nuen erremedioa: bi behatz lotzen hasi nintzen eta akabo nire mina.  

Pilotan El genial izengoitia paratu zizuten. Zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke? 

Belarra kazetariak paratu zidan izengoitia. Ezkerrarekin eta eskuinarekin egindako nire bi paretak nabarmentzen zituzten. Kontrarioaren abiadura probestuz, efektuarekin egiten nituen. Nahiko saltseroa nintzen, onerako eta txarrerako, eta hortaz, dirua jokatzen zutenendako arrunt arriskutsua. Ez zitzaidan batere gustatzen dirua jokatzen zutela ikustea. Horrek presio gehiago sortzen zigun, eta ni disfrutatzera ateratzen nintzen. Niretako edozein kiroletan inportanteena disfrutatzea da, bertzela, ez duzu ongi jokatzen.

«60 bat urtera arte pilotan segitu nuen, afizionatuetan, belaunak aski erran zidan arte»

Hemeretzi urteren ondotik, 1984an utzi zenuen pilota profesionala... 

Bai, 41 urterekin erretiratu nintzen. Profesionaletan aritzeko zahartua nintzen eta uztea erabaki nuen. Halere, ez nuen pilota alde batera utzi, afizio handia nuen, gustura aritzen nintzen eta afizionatuetan segitzea erabaki nuen. 60 bat urtera arte segitu nuen, belaunak aski erran zidan arte. 

Txapelketa ofizialetan material hautatzaile ere ibili zinen, ez? 

Bai, baina urte bat egin izanen nuen. Aspertu nintzen, ez zen kexa bertzerik izaten.

Gaur egun, zer harreman duzu pilotarekin? 

Telebistaz partida guziak ikusten ditut, baina frontoietara ez naiz agertzen. 

Zure garaitik jokoa aldatu da? 

Bai, jokoa diferentea da. Oraingo pilotak biziagoak dira eta fiteago jokatzen dute. Saketik tanto aunitz egiten dituzte.

«Frontoietako giroa jokatuko duen pilotariaren araberakoa izaten da»

Eta frontoietako giroa aldatu da? 

Partida jokatuko duen pilotariaren araberakoa izaten da, hori ez da aldatu.

Zure kasuan, pilotazaleen aldetik maitatua sentitu zinen? 

Orokorrean bai. Iruñean arras maitatua sentitu nintzen, eta Logroñon eta Eibarren ere bai. Oraindik ere karrikan geldiarazi eta halako eta honelako tantoak egiten nituela erraten didate. Ni, berriz, ez naiz oroitzen.

Ezkerretik hasita, Lajos, Bengoetxea, Pierola, Lazkano eta Arretxe. 

Pilota egoera onean ikusten duzu? 

Bai, bai. Badira gazteak arras onak. Atletak dira, ongi prestatuak, bai fisikoki, bai teknikoki. 

Pilotak etorkizuna izanen du? 

Bai, etorkizun ona. Oraino jende aunitz joaten da frontoietara, eta ez esku pilota ikustera bakarrik. Pilotako bertze modalitateetan ere jendea ibiltzen da, emakumezkoen eta gizonezkoen partidetan. 

Pilotari jaio edo egin egiten da? 

Bietatik. Nire denboran, Almandozen baginen bortz edo sei ongi aritzen ginenak. Baina gerra ondoko denbora zen, gosea izaten zen eta aunitz Frantziara mendira joan ziren. Gu nahiko ongi bizi ginen, etxean bi soldata izaten genituen: ama josten aritzen zen eta atta kamineroa zen. Pilotan segitzeko eta ikasteko aukera izan nuen. Oronozen Batxilergo ikasketak egin nituen, eta gero, merkataritza ikasi nuen fraide batekin. Frantses pixka bat ere ikasi nuen. 

«Zahori izateko ona nintzela erran zidaten, baina dena ezin zen, eta pilota aukeratu nuen»

Zahori izena nondik heldu zaizu?

Ama zenarengandik. Anaia Nafarroako Diputazioarendako zahori aritzen zen, lur azpian zeuden ur putzuak bilatzea zuen ofizio. Ni, berriz, Kutxan aritzen nintzen, bankuan. Noiz edo noiz zahori aritu nintzen, eta oroitzen naiz, anaiarekin Iruñera joan eta Copeleche esne lantegia egin aitzinetik ura non zegoen markatu genuela, eta horri esker fabrika egin zutela. Ordainetan, kamioneta batean Errioxako ardoa ekarri ziguten. Lekarozko fraide batek zahori izateko ona nintzela ere erran zidan. Baina dena ezin zen, eta pilota aukeratu nuen. Gainera, ur putzuak bilatzen arituz, pilotan jokatzeko nerbiorik gabe gelditzen nintzen, arras nekatua. 

Zer moduz moldatu zinen lana eta pilota uztartzeko?

60 urtera arte ibili nintzen Kutxan. Aunitzetan lanetik atera eta presaka partiduak jokatzera joaten nintzen. Adibidez, Tolosan, astelehenetan izaten ziren partiduak eta Kutxatik aterata joaten nintzen. 

Gaur egun zer martxa duzu?

Paseatzera joaten naiz, telebistan kirolak ikusten ditut eta bilobarekin egoten naiz.  

Bi omenaldi egin dizkizute aurten...

80 urterekin ez dakit behar nituen, profesionaletatik erretiratu nintzelarik ere egin zizkidaten Anoetan eta Almandozen... Maiatzean pilotako lagun ohiek egin zidaten Hondarribian eta arras giro polita izan genuen. Eta ekainaren 16an Durangon Pilotarien Batzarra elkarteak omendu ninduen. Polita eta hunkigarria izan zen, eta gustura sentitu nintzen. 

Labur-labur

Aurrelaririk gustukoena? Aunitz... Aukeratzen hasita, lehengoak Retegi II.a eta Ogeta eta oraingoak Altuna eta Laso.
Atzelari bat? Lajos.
• Frontoi bat? Dudarik gabe, Labrit.
• Almandozko txokorik gustukoena? Frontoia eta Benito Etxea lehenagoko ostatua. Bi horietan izaten zen mugimendua.
• Donostiako txokorik gustukoena? Gaur egun, etxea.
• Almandozko mendiak edo Donostiako hondartza? Almandozko mendiak. Garai batean mendira lasterka joanez entrenatzen nintzen. Gaur egun, hondartza parean bizi naiz baina sobran dut. 
• Lehengo pilota edo oraingoa duzu nahiago? Oraingoa. Gustura egoten naiz pilota partidak ikusten.
• Pilotan, apustuak bai edo ez? Ez. Ez naiz batere apustuen aldekoa.
• Pilota ez den kirol bat aukeratu beharko bazenu? Txirrindularitza. Bizikletan ibiltzea betitik gustatu zait. Lehen, bizikleta hartuta Belatera joaten nintzen. Gaur egun, txirrindularitza proba guziak telebistaz ikusten ditut eta futbola ere ikusten dut, Realzalea naiz. Futbola jokatzeko, ordea, kirol zikina iruditzen zait, ostikoak eta kolpeak, denek belaunetik beheiti izorratuak akitzen dute. 
• Zer gomendio emanen zenieke gaur egungo pilotariei? Horrela segitzeko, zer erranen diet ba! 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun