Ondasun Higiezinen gaineko zergari buruz informatzeko teknikari bat kontratatuko du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 28a, 16:00

Hemeretzi urteren ondotik aurten eguneratu dute balorazio txostena eta horrek eragina izanen du kontribuzioan

Aurten, baztandarrek egiaztatu ahal izanen dutenez, ondasun higiezinen gaineko zerga edo kontribuzioa aunitz aldatu da, Baztango balorazio txostena eguneratu delako. Balorazio txostenak baloraziorako dokumentu teknikoak dira, udalerrian edo udalaz gaindi aplikatzen direnak, eta ondasun higiezin bakoitzari balio bat banaka esleitzeko metodo eta parametro teknikoak ezartzea dute helburu.

Balorazio ponentziak ondasun bakoitzari aplikatu beharreko balorazio metodoa zehazten du, eta ondasun higiezinen balioa zehazteko beharrezkoak diren balorazio parametro orokorrak eta aurrekoez bertzelako balorazio parametro teknikoak finkatzen ditu.

 

Hemeretzi urte eguneratu gabe

Baztanen kasuan, balorazio txostenaren azken eguneratzea 2004koa da. 19 urte igaro dira 2023an eguneratu den arte, eta 2024an eguneratze horrek eragina izan du Ondasun Higiezinen gaineko Zergan edo kontribuzioan.

Baztan da txostena eguneratu gabe urte aunitz zeramatzan udal ugarietako bat. Nafarroan hainbertze udalek ez zuten eguneratzen, ezen Nafarroako Gobernuak, 18/2017 Foru Legearen 10. artikuluan, toki ogasunen banaketa ezartzen zuenak, adierazi baitzuen, ponentzia eguneratu ezean, % 10 murriztuko zela udalerri bakoitzak funts horretatik hartzen zuena. Horregatik, Baztango Udala balorazio txostena eguneratzera behartua sentitu da.

Jakina da herritar guztiengan duela eragina, eta ia 20 urtez berritu gabe egon ondotik, ordaintzen diren zergak dezente aldatu dira, kasu batzuetan ordaindu beharrekoa nabarmen igo delarik.

Balorazio irizpideetan, lurzoruaren balioa eta eraikuntzarena kontuan hartzen dira. Kontuan hartuta ia 20 urtez ez dela eguneratu, eta azken 20 urteetan eraikuntzaren kostua metro koadroko 240 eurotik 540ra pasa dela, ordaindu beharrekoa nahiko aldatu da.

Gainera, lurraren balioa kalkulatzeko azken urteetan eremu jakin bakoitzean izandako salerosketak hartzen dira kontuan, eta hortaz, kasu gehienetan, azken 20 urteetan goiti egin du honek ere.

Balorazio txostena Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailak erregulatzen du, Lurralde Aberastasunaren eta Ondare Zergen Zerbitzuaren bidez, ez da udalaren eskumena.

Hori bai, balio berri horiek onartutakoan, Udalak, ordaindu beharreko kontribuzioa kalkulatzeko orduan karga tasak ezartzen ditu, eta ongi legoke jakitea, udalak, bere esku dagoenarengan eraginez, karga tasak minimoan ezartzea erabaki duela, aitzineko karga tasak jaitsiz, zergadunek ordaindu beharrekoa ahalik eta gutxien igotzeko helburuarekin.

Hiri-lurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren kasuan karga tasa %0,25ekoa izanen da (orain artekoa % 0,30ekoa da) eta landa lurreko ondasunen gaineko kontribuzioaren kasuan ere karga-tasa %0,25ekoa izanen da (orain artekoa % 0,80koa da). Bi kasuetan hori da aplikatu daitekeen minimoa.

 

Udal teknikaria kontratatuko du Baztango Udalak

Ahalik eta gardenenak izaten saiatzeko, udalak teknikari bat kontratatuko du, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruz jendeak izan ditzakeen zalantzak erantzun ditzan. Beren zalantzak argitu edo kobratzen denari eta zergatiari buruzko azalpena hartu nahi dutenek udalera deitu eta hitzordua eskatu ahal izango dute. Sanferminen ondotik izanen dira hitzorduak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun