Baztango Mindeitze kantaldi ederra aurkeztu dute asteburuan Berroetan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 24a, 17:00

Thierry Biscaryk gidatutako taldeak ikuskizun zoragarria eman zuen herriko karriketan barna eta ikasturtean ikasitakoa jendeari erakusteko aukera modu paregabean baliatu zuten abeslariek

Testua eta argazkiak: Maialen Iantzi / Mikel Hualde

Kantu Herrikoiak tailerrean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izan zuten larunbatean Berroetan 16 kantarik: Ixabel Aleman, Elisa Almandoz, Mattoni Ballarena, Itziar Barberena, Mari Joxe Dagerre, Begoña Durruti, Karmentxu Elizegi, Lurdes Elizegi, Pello Etxeberria, Kiko Gartxitorena, Fermin Gartxitorena, Irene Iribarren, Rosa Karrika, Josune Kordoba, Jaione Kordoba eta Ines Muñoz. Thierri Byscariren gidaritzapean eta musikari zein letra egileen laguntzarekin, kantaldi ederra eman zuten.

Euriak lasaitasun momenturik utzi ez bazuen ere, jende andana bat elkartu zen ikuskizunaz gozatzeko. Momentu hunkigarri ugari eskaini zituzten, tartean, frankistek fusilatu zuten Valeriano Intxauspe Puieneko herritarrari eskainitako bertsoak, urte luzez lixutegian lan egin zuten emakumeei eskainitakoak, edota Ameriketara joan eta handik Elizaldeko Miguelek idatzitako bertsoak. 

Ekitaldia herriko plazan hasi eta akitu zen. Handik, elkartera joan ziren parte hartzaileak eta egunari behar bezalako akabera eman zioten mahaiaren bueltan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun