Joan den egunean, kasualitatez, ezagutzen ez nuen Jon Sarasua euskaltzain eta bertsolari ohiarekin topatu nintzen eta berak plazara ateratako gaiak idatzi txiki hau eskribitzera animatu nau. Laburbilduz, orain dela hilabete batzuk emandako hitzaldi batean, Sarasuak bertsolari txapelketetako marko ideologiko estu eta pobrea seinalatu zuen, txapelketa horietan gai jakin batzuetan erran daitekeenaren eta erran ezin denaren banda zabalera bat dagoela adieraziz. Banda zabalera horren barnean mikroideiak ere badaudela komentatu zuen bai, baina beti ere marko ideologiko «progresista» eta hegemoniko horren barnean. Hortik ateratzea jada eremu arriskutsua da eta «faxista», «fatxa», «arrazista», «misoginoa», «transfoboa» edo «islamofoboa» bezalako izengoiti maitekorrak aditu behar izateko arriskua duzu. Azken finean, beti da errazagoa ad hominem gezurrak botatzea, planteatzen diren argudio edo zalantzei aurre egitea baino.
Idahoko euskal amerikar baten ikuspuntuaren adibidea jarriz, berak horrela galdetuko lukeela planteatu zuen «Desberdin pentsatzen baduzue, zergatik kantatzen duzue denek gauza bera? Zergatik inork ez du Trumpen alde kantatzen? Hemen gizartearen erdia gaude Trumpen alde. Zergatik inork ez ditu israeldarren arrazoiak aipatzen? Zergatik inork ez du zalantzarik abortuaren gaiaren inguruan?». Eta ez pentsa Idahoko herritar horrek ideia «progresista» horiek aitzinetik adituak ez zituenik ez, hain zuzen ere orain hemen modan ditugun gaiak eta horien inguruan izan beharreko iritziak, Kaliforniako ezkerrak eta bertako elite kapitalistak orain dela hainbat urte lehenago jarriak baititu bertan dantzan.
Azken batean, aipatutakoa ez da bertsolaritzara mugatzen den zerbait, ezta gutiago ere. Berak erran moduan, euskal kulturgintzara eta euskal iritzi publikatura hedatzen den arazoa da eta are gehiago, Mendebalde osoan zabaldua dagoen dinamika da. Baina Euskal Herrian eta euskal kulturaren barnean bereziki nabarmena dela iruditzen zait. Hala, Jon Sarasuak bere klaseetan bultzatu ohi duen moduan, zalantza egiteaz eta gure kabuz pentsatzeko tresnak hartzeaz ari gara, laster edo beranduago hemen ere Mendebalde osoan gauzatzen ari den eskuin erradikalak zuzendutako erantzuna ikusi nahi ez badugu. Nahiz eta, horretarako, Pirinioetako muga pasatzea aski dugun jada.