Osasun publikoaren defentsan bildu dira gaur Elizondoko Osasun Etxean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 18a, 16:00

Argazkia: Ondikol.

Jendetza bildu da gaur eguerdian Elizondoko Osasun Zentroaren aitzinean, EH Bilduk murrizketen kontra deitutako elkarretaratzearekin bat egiteko

«Aspalditik jasaten ari garen sistema publikoaren hutsuneak» salatu dituzte; «ebakuntzetako itxaron zerrendak, mediku eta pediatren falta, hitzorduen etengabeko gibelatzea… egoera kezkagarria dugu Nafarroako iparraldeko landa eremuan osoan: Leitzan pediatrarik gabe egon dira hilabete luzez, Bortzirietan ere pediatra eta mediku falta… eta Baztanen egoera ez da hobea».

Azaldu dutenez, «hilabete pasa daramagu mediku baten faltan, eta joan den astetik bigarren postu bat gelditu da hutsik. Elizondo eta Elbeteko biztanleriarendako (zahar etxea barne) egon beharko luketen hiru medikuetatik, bakarra dugu orain. Gainera, kontutan hartu behar dugu, kasu gehienetan medikuen oporrak ez direla osoki ordezkatzen eta honek egoera gehiago larritzen duela uda garaian».

Gainera, «ongi dakigu euskaraz artatuak izateko eskubidea ez dela betetzen gure eskualdean. Profesionalen borondatearen esku dago hala izatea eta hizkuntza eskubideak urratzen dira behin eta berriz, lanpostu horietan euskararen eskakizuna hutsa delako».

Hori dela eta, «Nafarroako Gobernuari eta bere osasun sailari exijitzen diegu bermatu dezatela kalitatezko osasun sistema publikoa nafar guztiontzat, indartu dezatela lehen arreta maila. Landa eremuan bizi garenok ere merezi baitugu behar dugun bezala artatuak izatea. Medikurik ez dagoela errepikatu beharrean, bilatu ditzatela soluzioak behar diren baliabideak martxan jarriz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun