Bestak 2024

«Gogo haundiz aterako gara dantzatzera Arizkungo bestetan»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 18a, 11:00

18 urteko mutiko arizkundarra da Unai Mugiro. Musika aditzea eta kirola egitea du gustuko, «batez ere mendira joatea eta errugbia. Aurten Baztan Errugbi Taldean Seniorretan jokatu dut lehenbiziko aldiz». Eta noski, «besta egitea ere gustuko dut».

Arizkungo bestak «arras gogotsu hartzen ditugu herritarrok. Adin guzietako jendea biltzen gara eta giro eder eta berezia sortzen da herrian». Ttikitatik izan ditu gustuko; «aitatxiri San Juan bezperako sua pizten laguntzen nion ilusio haundiz». Gaur egun ere «bezpera egun berezia iruditzen zait, gauean izaten diren su, antzerki eta dantzaldiarengatik». Horrez gain, «lehenbiziko eguneko baztan zopen afaria» nabarmendu du; «herritar aunitz biltzen gara eta musikaren laguntzaz giro ederra sortzen da».

Antolaketa lanetan

Antolakuntza taldean sartu da aurten Unai; «lau gazte gara urte guziko bestak antolatzen ibiltzen garenak. Horretarako, urte hondarrean gazteen arteko bilera egiten dugu, eta bertan erabakitzen dugu nork segituko duen taldean eta nor sartuko den». Inauteriak eta bestak antolatzea «lan haundia» dela dio, «baina denborarekin prestatzen hasiz gero errazago egiten da».

Egitaraua prestatzean «haur, gazte eta adinekoen gustuak kontuan hartzen ditugu». Baina ez dute egitaraua bakarrik egin beharrik, besta egunetan ere lana egin behar baita. Hala ere, «bestetan egin beharreko lanak gazte guzien artean banatzen ditugu eta bakoitzak bere ardurak izaten ditu».

Irudia: Valledebaztan.com

Tradizio zaharrak eta dantzari berriak

2022an Patxi Larraldek, Arizkungo txistulariak, «lehen Besta Berri egunean dantzatu ohi zen ezpata dantza ikasteko eta sanjoanetan dantzatzeko proposatu zigun». Ideiarekin ados, «kuadrilla ederra bildu eta entseatzen hasi ginen». Lehenbiziko urtean 16 dantzari atera ziren, eta «horietako batzuk utzi eta bertze batzuk sartu ondotik, aurten ere 16-17 izanen gara taldean». Gainera, «dantzariez gain, 6-7 musikari ibiltzen dira gurekin; txistulariak, atabalariak eta soinulariak».

Baina dantzatu aitzinetik ezinbertzekoa da prestatzea. Azaldu duenez, «lehenbiziko urtean, koreografia ikasteko eta musika zehazteko, 3-4 hilabete behar izan genituen. Aurten, dantza ikasia dugunez, hilabete pare batekin aski dugu». Herriko bestetan dantzatuko duten bigarren urtea izanen dute eta «gogo haundiz» aterako dira.

Baina Arizkundik kanpo ere izan dute dantza erakusteko aukera, izan ere,  «leku eta ekitaldi aunitzetan ibili gara: Hernaniko Dantzari egunean, Amaiurko erresistentziaren 500. urteurrenean, Vacarisseseko (Katalunian) Festa de la Vacan, Luzaideko Orreagako batailaren monumentuaren inaugurazioan, Urdazubin, eta baita Donapaleuko Nafarroa Bizirik ekitaldian ere». Horrez gain, «bertze toki batzuetan egon gara Arizkungo sagar dantza, mutil dantza eta irri dantzak dantzatzen. Esperientzia arras aberasgarria izan da».

Aurtengo bestetan «herritarrek eta Arizkunerat hurbiltzen diren guziek errespetuz ongi pasatzea espero dugu. Mundu guzia dago gonbidatua!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun