Saioa Ligos elizondoarrak diseinatu du aurtengo Baztandarren Biltzarrako kartela

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 13a, 08:30

Uztailaren 21ean ospatuko da 61. Baztandarren Biltzarra eta elkartea prestaketa lanetan ari da buru-belarri. Atzo aurtengo kartelaren aurkezpena egiteko bildu ziren Arizkunenean; Saioa Ligos elizondoarra izan da edizio honetarako kartela diseinatu duen artista.

Elkarteko kideek adierazi dutenez, «data hurbiltzen doan heinean, nabariak dira urduritasuna eta gogoa. Urte batez gehiago bizirik dirauen besta honetan azpimarratzekoak dira elkartasuna, auzolana, identitatea eta nola ez, euskara. Urtero bezala, egun osoko besta izanen da: orga desfilea, artisauak, bazkaria eta bazkalondoko dantzaldia».

Horrez gain, «aurten ere besta seguru baten alde eginen dugu, protokolo feminista batekin eta herritarron konpromisoa eraikiz. Animatu besta ereduan normalizatuak dauden hainbertze jarrera bortitz birpentsatzera eta nahi dugun moduan janzteko aukera izatera. Gona edo galtza, garrantzitsuena elkar errespetuz jokatzea da».

Saioa Ligos egilea kartelarekin.

«Norberaren nortasuna irudikatzeko eta adierazteko» aldarria

Ligosek azaldu duenez, kartelean «hainbat pertsona irudikatu ditut, bi tradizionalki jantzita eta bertze biak nahasketa moduko batean». Horren bidez, «pertsona bakoitzak bere nortasuna irudikatzeko eta adierazteko askatasuna» aldarrikatu du autoreak, «epaitua eta diskriminatua izateko beldurrik gabe. Janzkera adierazpen pertsonal eta kulturala da, eta ez du oztopo bat izan behar norberaren adierazpen askatasunean». Baztandarren Biltzarran «aurreiritziak desagertzea eta guztiok ongi etorriak eta onartuak sentitzea nahi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun