Kartzelen egoeraren inguruko hausnarketa jardunaldiak eginen dituzte asteburuan Txokoton

Ttipi-Ttapa 2024ko ekainaren 12a

Elizondoko Txokoto tabernak hainbat ekitaldi antolatu ditu ekainaren 14an eta 15ean, 'Zigorra birpentsatzen' izenpean. Kontzientziazioa zabaltzeaz gain, Salhaketa Nafarroa elkartearendako dirua biltzea dute helburu jardunaldiek.

Ortziralean 19:00etan abiatuko da egitaraua, Pocos, buenos y seguros. Así empezo la revuelta de los presos sociales film laburraren proiekzioarekin. Ondotik solasaldia izanen da Ales Paya zuzendariarekin eta Salhaketako June San Millanekin.

Larunbatean ekitaldi ugari izanen dira ostatuan. 11:00etan Kartzeleko aislamenduaren indargabetzearen aldeko kanpaina txostena aurkeztuko dute. Alicia Alonso abokatua, presondegiko sisteman aditua eta giza eskubideen aktibista feminista izanen da hizlaria, Salhaketako kide den Maje Martinezekin batera.

12:30ean Lohitzune Zuloaga soziologoak Zigor populismoaren gorakada: arazo konplexuaren aurrean kartzela konponbide bezala solasaldia aurkeztuko du.

18:00etan, berriz, Xantaia terapeutikoa: kartzeletako gobernuen aldaketak mintzaldia aurkeztuko dute Dario Malventik eta Santi Cobosek, kartzelaren kontrako militanteek.

Eguna borobiltzeko, bi kontzertu prestatu dituzte. 20:00etan Hitz Tantak taldeak joko du, eta 22:00etan Mehatxu metal taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun