IDOIA URRA FERRANDEZ

«Suediako kulturak eta unibertsitateak aunitz harritu naute»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 9a, 08:00

Bidaiatzea maite duen neska gaztea da Idoia Urra Ferrandez elizondoarra, «eta nire denbora librean irakurri, musika entzun, zakurrarekin mendira joan eta lagunekin ateratzen naiz». Matematika ikasketak egiten ari da Madrilen, eta aurten Stockholmera joan da Erasmus programarekin.

Zenbakien artean

Ttikitatik argi izan du matematika ikasi nahi zuela; «betitik izan dut erraztasuna matematikarako eta nire irakasgai gustukoenetarikoa izan da. Hortaz, zer ikasi erabaki beharra nuenean, ez nion buelta aunitzik eman».

«Karrera zaila» dela aitortu du, «baina aunitz ikasi eta arras konstantea izan behar delakoz. Aitzinetik matematikari buruz izaten den ideia eta karrera arras desberdinak dira». Hala ere, «niretako, aldaketarik handiena izan da aunitz ikasita ere ezin duzula ziurtatu gaindituko duzunik».

Elizondotik Madrilera

«Madrilgo Unibertsitatea hoberenetarikoa dela erran zidan institutuko irakasle batek»; eta bi aldiz pentsatu gabe, harat joan zen ikasketak egitera. «Elizondo ttikiegia zela iruditzen zitzaidan, eta hiri handi batean bizitzea eta mila gauza egiteko aukera izatea esperimentatu nahi nuen».

Aldaketa «arras haundia» izan zela azaldu du; «jende pila bat leku guzietan, karrikan ez duzu inor ezagutzen, gauzak egiteko aukera ugari egunerokoan… baina aldaketarik haundiena, naturaz inguratuta egon beharrean, bat-batean hiriaren mugimendu guziaren erdian egotea izan da».

Egonaldia Suedian

Bidaiatzeko grinari segituz, Stockholmeko Unibertsitatera joan da aurten Erasmusean. «Arras gustura nago eta dibertigarria da leku eta kultura guzietako jendea ezagutzea, eta bertze hizkuntza batean solastatzea. Gainera, gauza pila bat nire kabuz eta bakarrik egin behar ditut, eta pertsonalki heltzen ari naizela sentitu dut. Eta horrek arras ongi sentiarazten nau».

«Bertako kulturak» harritu zuen gehien Suediara ailegatzean. «Etxean egoteko ohitura haundia dute, karriketan ez da jende aunitzik izaten. Gainera, suediar gehienak arras hetsiak dira, eta zuk ez badiezu lehenbizi solastatzen, seguraski ez dizute solastatuko. Metroan, adibidez, isil-isilik egoten dira, eta hori kristoren aldaketa da Madrilekin konparatuta».

Klasean ere alde haundia ikusi du; «matematika ikasteko metodoa berdina dela erranen nuke, baina orokorrean aunitz harritu nau jendea ikasketetan arras kontzentratuta dagoela ikusteak; galdera aunitz egiten dituzte, klaseak isil-isilik aditzen dituzte, goizetik jendea ikusten da unibertsitatean ikasten… Bertze aldaketa nabarmena ordutegiak dira; bortz irakasgai aldi berean izan beharrean, binaka ematen dituzte. Adibidez, bi irakasgai izan ditut urtarriletik martxora, astean bi klase egun bakarrik izanda, eta azterketak egin ondotik, bertze bi irakasgai kurtsoa akitu arte. Egia erran, metodo hau arras gustukoa dut».

Zero azpiko mundua

Stockholmek alde onak eta txarrak ditu: «neguak ilunak eta hotzak dira. Egun batzuetan -20 gradutara ailegatu ginen, baina normalean -5 gradu inguru egiten zituen, nahiz eta sentsazio termikoa guttiagokoa izan. Baina hotza ez dago horren gaizki, beti paratzen ahal duzulakoz arropa gehiago; okerrena, dudarik gabe, iluntasuna da. Negua nahiko tristea zen, arratsaldeko hiruretan iluntzen zuen eta ia ez genuen eguzkia ikusten, beti lainotuta zegoelakoz». Orain, aldiz, «goizeko hiruretan argi aunitz izaten da, eta gauez ez du guztiz iluntzen».

Baztango mendiak falta ditu, «Stockholm guztiz laua delakoz». Hala ere, «baso eta laku pila ditu, neguan hormatzen direnak, eta hainbat jarduera egiten ahal ditugu; lakuetan bainatu edo patinatu, saunara joan…». Gainera, «hiri batek eskaintzen ahal dizun guzia du, masifikatuta egon gabe».

Inguruko herrialde eta lekuak ezagutzeko aukera ere izan du: «Laponia, fiordoak, Danimarka, Finlandia, Herrialde Baltikoak… Fiordoak gustatu zaizkit gehien, ikaragarri politak dira eta hango uretan bainatu ginen, glaziarrak igo genituen, itsasontzian ibili ginen… dudarik gabe, politena».

Etorkizunera begira, «karrera akitu eta master bat egin nahiko nuke. Ondotik, matematikari batek enpresa batean duen lana ezagutu nahiko nuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun