Android mugikorrak eta administrazio elektronikoa erabiltzen ikasteko kurtsoak eginen dituzte Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 5a, 19:00

Baztango Udalak eta Cederna Garalurrek, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin, bi ikastaro antolatu dituzte ekainerako Elizondo Lanbide Eskolan. 10 orduko kurtsoak izanen dira biak, dohainik.

Lehenbizikoa Android telefono mugikorrak erabiltzeko izanen da. Ekainaren 10etik 14ra izanen dira klaseak, 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzaileek beraien telefono mugikorra eraman beharko dute eta bertzeak bertze, telefonoaren oinarrizko erabilgarritasuna eta erabilera segurua, argazkiak, nabigazioa eta Whatsappa erabiltzen ikasiko dute.

Bigarren ikastaroan administrazio elektronikoa landuko dute. Ekainaren 17tik 21era izanen da, 16:00etatik 18:00etara. Bertzeen artean, Cl@ve, Ziurtagiri Digitala eta NAN elektronikoa sortzen erakutsiko dute, baita Osasun Karpeta Pertsonalera sartzen eta Enplegu, Gizarte Segurantza, Trafiko eta Zerga Agentzien izapide elektronikoak erabiltzen ere.

Informazio gehiagorako edo ikastaroetan izena emateko eskuragarri daude 948 012 012 telefono zenbakia eta aventuradigital@navarra.es helbide elektronikoa. Gainera, capacitaciondigital.navarra.es webgunean eman daiteke izena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun