Zifra hori «aldaketa klimatikoaren auzian dugun zifrarik garrantzizkoenetakoa da. Munduaren banaz bertzeko tenperatura igatearen muga 'seguruaz' ari da: mende honen akabailarako planetaren tenperatura ezin dela berezkoa (14°) baino 1,5° handiagoa izan, hortik goiti inpaktuak ikaragarri handitzen direlako».
Ekainak 1 Justizia Klimatikoaren aldeko ekintza egun globala izan zen, eta hainbat eragilek mobilizazioetara deitu zuten; Baztanen, adibidez, bizikleta karrikabuelta izan zen. Egun horren karietara, «Baztango Talde Ekosozialak 1,5° zifra marraztu zuen argi kaxetan, isuriak murrizteko dugun behar urgentea gogorarazteko».
Graduen 1,5eko igoerari buruz gehiago jakin nahi dutenendako, egoera laburrean azaldu du taldeak.
1,5 graduen historia motza
2015ean Parisko Akordio (COP21) ezagunean adostu zuten zifra hori 194 herrialdek (Kyotoko Protokoloaren eguneratze moduko bat). Zehazki, honako helburua adostu zen: negutegi efektuko gasen isuriak murriztea, tenperaturaren igatea ez dadin inolaz ere 2°etatik pasatu eta esfortzuak egitea 1,5°ra mugatzeko. Erran beharra da Hego Globaleko herrialdeek kritikatu zutela, 2°ak gehiegizkoa zela erranez, izan ere, Hego Globaleko herrialdeek jasaten dituzte Aldaketa Klimatikoaren inpakturik handienak, gutien kutsatu dutenak izanik.
1,5° igateak ez du aunitz iduri. Gustura gradutto bat gehiagorekin, pentsa genezake! Baina, kasu, ez gara ari eguneko tenperaturaz, munduaren banaz bertzeko tenperaturaz baizik. Sukarra da gertatzen dena ulertzeko metafora onena: gure gorputzaren tenperatura gradu bat igaten delarik sukarra izaten dugu eta mareatu xamar ibiltzen gara. Bi gradu igaten delarik merkurioa, aunitzetan ezin gara ohatzetik mugitu. Hiru graduko igoera dugunean ospitalera joatea gomendatzen da. Bortz edo sei graduko igateek arazo larriak edo heriotza ekartzen ahal dute.
Lur-sistema oraindik ere sentiberagoa da, eta, gainera, gure sukarra ez bezala ez da joaten, betirako gelditzen da.
Aldaketa klimatikoaren inpaktuak ikaragarriak direla badakigu. Orain artio 1,1° inguru igan dugu eta hasi dira inpaktuak: 2022ko udan Nafarroan 15.000 hektarea baino gehiago erre ziren, errate baterako. Bertze adibide bat: 1,5 igoerarekin kalkulatzen da koralen % 70 inguru desagertzen ahal direla, 2ko igoerarekin, % 99 edo dena.
Hortaz, 1,5 gure garaiko zifra garrantzizkoenetako da, eta, horri jokatu behar gatzaizkio, jakinik, guzti hau etengabeko hazkundean oinarritzen den sistema kapitalista asegaitzaren ondorioa dela, arrunt bidegabea. Horregatik, sistema bera errotik aldatu behar da.
Alta, bizkitartean, gure eskuetan diren ekimenak egiten ahal ditugu, eman dezagun, autoen eta haragi industrialaren gehiegizko kontsumoak ahalik eta gehien murriztea eta energia fosiletatik energia berriztagarrietara pasatzea.
Zuei ere galdera luzatzen dizuegu: gure ardura kontuan hartuta, zer egiten ahal dugu Baztanen 1,5° helburua lortzeko? Nola murrizten ahal ditugu isuriak?