Jugoslaviako sozialismo autogestionatua izan dute solasgai Elizondoko Amezti elkartean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 28a, 13:30

Lau hamarraldi iraun zuen Jugoslaviako proiektu sozialista autogestionatuari buruz mintzatu zen ortziralean Koldo Tellitu, Nire Jugoslavia maitea, hain ulertu gabea liburuaren egilea

Antolatzaileek azaldu dutenez, «bere garaian jakin-min handia piztu zuen Balkanetako herrialdean gauzatutako proiektu sozialistak. Izan ere, II. Mundu Gerran jugoslasviar partisano komunistek herrialdea nazien atzaparretatik askatuta, bertze eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat abiatu zuten, Tito buru zutela. Estatua produkzio bitartekoen jabe izanik, kooperatiba eta langileen eskuetan utzi zuen haien kudeaketa, betiere, jarraibide orokor batzuk finkaturik. Langileen kontseiluen bitartez, antolamendu ekonomiko horren zuzendaritzatik Jugoslaviako populazioaren herena pasatu zen».

Hezkuntza sistemak ere «autogestioaren ereduari segitzen zion. Lurraldean guztiz txertaturik, gainerako kooperatibekin harremanetan antolaturiko hezkuntza sistema zen, Estatuaren egituratik haratago zihoana».

Jugoslaviako eredu sozialista, «arras lehiakorra zen; herrialdeko ezaugarri kulturala omen zen lehiakortasuna. Hainbertze urtez aski ezagunak izan ziren Jugoslaviako saskibaloi eta futbol taldeak, adibidez. Norberaren sormena eta inprobisazio gaitasuna, taldeko lanaren lanketa metodikoan oinarritzen zen».

Bertzalde, «garai horretan Jugoslavian izandako musika garaikidearen eztanda bertze kontu aipagarria da. Aski goiz, punka eta bertze musika estilo berritzaileak herrialderat iritsi eta fite hedatu ziren. Horretarako aski baliagarria izan zen herritarren eta gazteen eskura zen kultur azpiegitura zabala: grabatu eta editatzeko tokiak, kontzertuetarako aretoak... Askatasun maila handiaz gozatu ahal izan zuten».

Horrez gain, «bertze ezaugarri aipagarria konstituzioan ageri zen autodeterminazio eskubidea zen. Herrialde desberdinez osatutako federazioa izan zen Jugoslavia eta aniztasun hori autodeterminazioa arautzen zuen antolaketa federal batekin egituratu zuten. Alta, hori ez zen aski izan herrialdearen zatiketa ekarriko zuten gerrak saihesteko».

Izan ere, «Jugoslaviaren desegiteari buruz mintzatzerakoan, Tellituk aipatu zuen kanpoko eragileek izandako garrantzia, Nazioarteko Diru Funtsak eta Alemaniak bereziki. Jugoslavia barneko lurraldeen arteko tentsioak areagotu zituzten, hainbat arrazoirengatik egoera kritikoan zen herrialdea hautsi eta Jugoslaviako eredu sozialista errausteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun