Erregina eta Saratsak ospatu dute Arraiozen maiatzeko azken igandean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 27a, 13:30

Urtero bezalaxe, maiatzeko azken igandearekin Arraiozen Erregina eta Saratsak ospatu da. Urte luzez egin den ekitaldia dugu hau eta bertan herriko neskatikoek parte hartzen dute. 

Argazkiak eta testua: Nerea Mortalena

Bi Erregin aukeratzen dira. Ohiturak dioenez, batek Mardea auzokoa eta bertzeak Urrutiakoa behar zuen izan, hala ere, kasu honetan ez da hori errespetatu, Erregin izateko adinean zeuden bi neskatikoak Mardeakoak zirelakoz. Aiora Arraztoak eta Aisha Zubietak bete zuten paper hori. Saratsak, aldiz, Nahia Lazkano, Olatz Bergara, Alaitz Urrutia, Ainara Zubigarai, Irati Gamio, Elaia Zubigarai, Aitana Iraola, Aiuri Garmendia, Intza Garmendia eta Enea Mindegia izan ziren. 

Herritik barna koplak kantatuz eta Erreginen dantzekin pasatu zuten arratsaldearen zatirik haundiena. Egunari akabaila emateko, bildutako diruarekin merienda goxoa dastatzeko aukera izan zuten herriko ostatuan, baita sos pixka bat etxera eramateko ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun