Lozy'seko langileak Elizondoko karriketara atera dira grebako hirugarren hilabetean

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 24a, 20:50

Jendetza bildu da gaur arratsaldean Elizondon, Lozy'seko langileen hitzarmenaren alde. Astelehenean grebaldiko hirugarren hilabetea bete zuten, «eta enpresak oraindik ez du baldintza duin batzuk negoziatzeko borondate errealik erakutsi».

ELA sindikatuak adierazi duenez, «azken asteetan bilerak egin ditugu enpresarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, baina enpresak bere horretan segitzen du». Gainera, «langileen beldurrarekin jolasten dutela» salatu dute; «ez dakigu zenbat aldiz erran diguten momentuko proposamena azkena zela, eta onartzen ez bagenuen, enpresa hetsiko zutela. Behin baino gehiagotan baieztatu dute Nafarroako Gobernuaren laguntza daukatela enpresa Baztandik mugitzeko, baina gobernuko Iñaki Mendiorozek eta Mikel Irujok informazio hau gezurtatu dute».

Enpresaren jarrera «lotsagarritzat» eman dute, baina argi dute «gauzak aldatu behar direla, eta horretarako elkarrekin borrokan segitzea bertze aukerarik ez daukagula».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun