Erdizko meategiaren proiektuaz

Magna «Nafarroako enpresa kutsakorrenetakoa» dela salatu du Erdiz Bizirik plataformak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 23a, 15:00

Osasunaren Mundu Erakundeak osasuna eta landaredia babesteko ezarritako ozonoaren helburua gainditu dela jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, eta horrek «plataformak behin eta berriz errepikatu duena berretsi du: makroproiektuak, multinazionalak eta meategiak ez dira bateragarriak nekazaritza estentsibo eta ekologikoarekin»

Espainiako PRTRk (Isurpen eta Iturri Kutsakorren Estatuko Erregistroa) zabaldutako datuen arabera, «Magna da Nafarroan nitrogeno oxido gehien isurtzen duen bigarren enpresa, Tuterako Guardian Glass plantaren gibeletik». Nitrogeno oxidoa oxido nitrikoz eta nitrogeno dioxidoz osatutako gas multzo da, «eta horietan nitrogeno dioxidoa da kutsakorrena, ingurumenean nahiz airearen kalitatean eragin zuzena baitu. Horrek erakusten du Erdizko meategi proiektua eta nekazaritza estentsiboa ez direla bateragarriak. Izan ere, zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsakorrenetako batek?».

Plataformak azaldu duenez, «emisio horien ondorioak nabaritzen ari gara: OMEk osasuna eta landaredia babesteko ezarritako epe luzerako ozonoaren helburua gainditu da Nafarroan. Neurri horiek ez dira legez bete beharrekoak, hala ere, Europako Batzordeak proposatu berri du Airearen Kalitatearen Zuzentaraua moldatzea, gomendio horiek legez babestuta egoteko 2030erako».

Datu horiek «behin eta berriz errepikatu duguna berretsi bertzerik ez dute egin: makroproiektuak, multinazionalak eta meategiak ez dira bateragarriak nekazaritza estentsibo eta ekologikoarekin. Nafarroako landa eremua bizirik eta indartsu dago, eta hala segitu dezala nahi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun