Baztangoizako besta eginen dute lehenbiziko aldiz ekainaren 8an Arizkunen

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 23a, 13:00

Arizkungo Herriak antolatu du bestaren lehenbiziko edizioa.

Amaiur, Arizkun, Azpilkueta eta Erratzu egun osoko egitarauaren bueltan elkartzea du helburu ospakizunak

Arizkungo Herriak Baztangoizako besta antolatu du aurten lehenbiziko aldiz, eta ekainaren 8an eginen dute, egun osoko egitarauarekin. Herriko lau gazte aritu dira antolakuntza lanetan, tartean Jon Iriarte. Azaldu duenez, «lau herritako alkateek aspalditik zuten burutan besta sortzeko ideia, baina ez zuten inoiz momentua aurkitu martxan paratzeko. Aurten Imanol alkateak ideia proposatu zidan, lan talde ttiki bat sortu genuen eta eguna aitzinerat atera dugu».

«Baztangoizako lau herriak elkartzeko eguna» ospatu nahi dute; «herritarrak elkartu eta gure arteko erlazioak sendotzeko aukera gisa ikusten dugu. Hortaz, lau herrietako ahalik eta partaide gehien izatea espero dugu. Hala ere, gainerako herrietakoak ere etortzera gonbidatuak daude». Aitortu duenez, «ideia ez da gurea, bertze eskualde batzuetan ere halako bestak egiten baitira».

Prestaketa lanetan gogor ari dira, «eta nahiz eta ia dena loturik izan, oraindik horretan ari gara. Eguna hurbildu bezala lanak auzolanean egin beharko ditugu, eta egunean ere, lan batzuk herritarren laguntzaz osatu beharko dira: materiala paratu, kendu, txoznako txandak…».

Etorkizunera begira, «asmoa besta urtero herriz herri egitea da. Lehenbiziko edizioa Arizkunen izanen da, baina heldu den urtean bertze hiru herrietako batek lekukoa hartzea espero dugu, horrela besta urtero egiteko aukera izanen dugu. Aukera polita dugu urtero elkartu eta egun eder bat pasatzeko».

Egun osoko egitaraua

11:00etan hasiko da besta, herrien arteko herri kirol desafioarekin. 14:00etan, berriz, bazkari herrikoia izanen dute, Iñaki Agirrek alaiturik, eta bi saskiren zozketa ere eginen dute. 19:00etan dantzaldia izanen dute Bizphiru Pelau taldearen eskutik. 20:00etatik 22:30era bokatak afaltzeko aukera izanen da, eta 23:00etan Bizphiru Pelau taldeak joko du berriz. Eguna borobiltzeko, 01:30ean DJ Venturaren txanda izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun