EH Bilduk adierazi duenez, «egunerokoan urrun sumatzen dugu Europako Parlamentua, baina uste dugu hitzordu garrantzitsua dela, parlamentuko ordezkariak ematen duen ahotsaz baliatzeko, baita Bruselako erakundeen bueltan mugitzen diren Europako eta munduko ordezkariekin harreman zuzenak josi eta aliantzak garatzeko».
Pernando Barrena hautagaiak, apirilean Elizondon emandako solasaldian, «aldaketa Euskal Herrian landu behar dugula» adierazi zuen, «ezin dugu Europako Parlamentutik miraririk espero. Baina bertze herrialde zapalduekin eta ezkerreko mugimenduekin aliantzak josteko ezinbesteko baliabidea da parlamentuko ordezkaritza».
EH Bilduren kasuan, Galiziako BNG eta Kataluniako ERC taldeekin batera aurkeztuko da hauteskundeetara, Orain Errepublikak izenpean.
Posta bidez maiatzaren 30era arte
Ekainaren 9an izanen dira Europako Parlamentuko hauteskundeak, eta presentzialki bozkatzeko aukerarik ez dutenek posta bidezko botoa eska dezakete maiatzaren 30era arte, modu presentzialean edo digitalean. Dokumentazioa eskatuta, ekainaren 2an ailegatuko da beranduenez aukeratutako helbidera edo posta bulegora, eta ekainaren 6a baino lehen bidali beharko da botoa posta ziurtatu bidez.
Osasun arrazoiengatik posta bidezko botoa eskatu ezin duten herritarrek ahalorde bidez egin dezakete. Notarioaren zerbitzua doakoa da eta mediku ziurtagiria beharrezkoa izanen da.