Apartamentu turistikoei buruzko kanpaina abiatu dute Baztango Gazte Asanbladak eta Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 22a, 20:00

Baztanen bizitegia alokatzeko dauden zailtasunak ikusirik, «bai eskas direlako, bai karioegi direlako, Auzitegi Gorenak apartamentu turistikoak mugatzeko eman duen aukerari buruz» informazio kanpaina abiatu dute. Izan ere, «auzitegiak bizitegi blokeetan apartamentu turistikoak debekatzeko aukera eman du, betiere komunitateko estatutuetan jarduera komertziala espresuki galaraztea erabakitzen badute jabeek». Hori da bailarako bi taldeek etxe guzietarat banatu duten informazioaren funtsa.

Ekimena «Donostiako bizitegi bloke bateko biztanleek» abiatu dutela jakinarazi dute Baztango Talde Ekosozialak eta Gazte Asanbladak, eta «kezka hori bera» ikusi dute Baztanen. Izan ere, «apartamentu turistikotarako erabiltzen diren bizitegiak dira alokairuan emateko baldintza hoberenak dituztenak. Eta horrek alokairuan emateko bizitegien kopurua gutitzea dakar, bizitegirik ezin harrapatzea, etxeetan pilaturik bizitzea, alokairuen kariotzea… gainera, soldaten izozte eta prekarietatearen hedatze aldian gertatzen ari da. Aipatutako guztiak zailtzen du bizimodu duin eta autonomoa, eta estualdi gogorrean bizitzera behartzen du, ahidura psikologiko handiarekin».

Baztanek 800 etxe huts inguru ditu, «eta eraikitako ondare hori hutsik edukitzea ez da onargarria. Etxebizitza eskubide bat izateaz gain, etxe bat pilatutako materia eta energia da. Hortaz, larrialdi klimatiko eta energetiko garai honetan, bizitegia ez izatearen bidegabekeria sozialari gehitzen zaio hainbertze etxe hutsik egotearen bidegabekeria ekologikoa. Hainbertze etxe huts izanik, gehiago egiteak ez du zentzurik, lurrak alferrik artifizializatzea baita. Lehentasun osoa eraikitako ondarea berrerabiltzeak behar du izan». Horrekin batera, «apartamentu turistikoak bidegabekeria sozial eta ekologiko horretan kokatzen dira».

Hortik abiatuta sortu dute kanpaina, «Gorenaren epaia gogoan hartuz, bizitegi blokeetako jabeen komunitateak estatutuak aldatzera animatuz. Zeren estatutuen aldaketa inoren zain egon gabe egiten ahal da, gure eskuetan dago. Doike, proposamena ur tanta bertzerik ez da arazo sozial honen itsasoaren erdian. Baina, bederen, herritarren eskuetan dago eta berehala egingarria da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun