Elizondo Lanbide Eskolako ikasleek bigarren eskuko azoka antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 21a, 14:00

Ekonomia zirkularrari ikusgarritasuna emateko helburuarekin, arropak eta bertzelako produktuak saldu zituzten maiatzaren 16an eta 17an Merkatuko plazan eta lanbide eskolan. Bildutako dirua Saray Nafarroako Bular Minbiziaren Elkarteari emanen diote

Elizondo Lanbide Eskolako Administraritzako EMHZ-1eko ikasleek bigarren eskuko azoka antolatu dute, Zokotik soinera proiektu solidarioaren bitartez, «objektuak berrerabiltzearen kontzientzia azaleratu nahian». Gainera «modu honetan ikasleek irakasgaietan ikasitakoa praktikan jarri dute». Azokak maiatzaren 16an eta 17an egin zituzten; ortzegunean Merkatuko plazan eta biharamunean lanbide eskolan.

Proiektutan «hainbat atal landu dira: batetik, ehungintzaren industriako joeren inguruan kontzientzia sortzea eta joerak haustea, eta horretarako Iruñeko liburutegian Arropa Garbia kanpainak antolatutako erakusketa batera joan ziren. Bertzetik, Ximiko berri dendara bisita egin zuten, bailaran dauden alternatibak ezagutzeko asmoz. Horrez gain, UPNAtik ekonomia zirkularraren inguruko solasaldia ere antolatu zuten. Azkenik, administraritzako moduluetan emandako hainbat gaitasun praktikan jartzeko, ikasleek bigarren eskuko materialaren bilketa eta salmenta egin zuten». Azokan bildu den dirua Saray, Nafarroako Bular Minbiziaren Elkarteari, dohaintzan emanen diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun