Bertzeak bertze, Nafarroako Pentsiodunen Mugimenduak Nafarroako Parlamentuko taldeei aurkeztu dien idatzia aipatu zuten atzoko agerraldian Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkariek. Agiri horretan bi eskakizun bildu dituzte. Alde batetik, «1979a baino lehen lan mutualitate zaharrei ekarpenak egin zizkieten Nafarroako mutualista erretiratuentzako irtenbide bat, eta zergapetu behar ez zituzten ekarpenagatik Pertsona Fisikoen Errenta Zergari dagozkion itzulketak egitea». Eta horretarako «2019an Nafarroan onartu zuten araua indargabetzea» eskatu dute. Eta bertzetik, «Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin duen aurrekontu akordioa betetzea» exijitu dute, «non lantalde bat garatu behar duen, herritar guztien 1.080 euroko guttieneko pentsioa, 14 ordainsaritan, bermatuz. Akordioaren arabera, 2025eko aurrekontuan sartu beharko litzateke lantaldearen emaitza».
Horrez gain, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, estatuko bertze pentsiodunen mugimenduekin batera, maiatzaren 6an egindako mobilizazioa oroitarazi zuten, eta Elma Sainz Gizarte Segurantzako ministroari zuzenduz erregistratu duten eskutitza ere aipatu zuten. Idatzi horretan hainbat aldarrikapen bildu dituzte, eta Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkarien hitzetan, «aldarrikapen nagusiak 1.080 euroko guttieneko pentsioa eta generoaren araberako arrakala bukatzea» dira. Atzo azaldu zutenez, EAEko legebiltzarreko taldeei ere «Nafarroan egin den antzeko agiri bat erregistratuko diete, bertze gauzen artean, 1.080 euroko guttieneko pentsioa bermatu dezaten. Gainera, kontuan hartu behar da erkidegoko udalen % 60k hala onartu zutela mozioen bidez».
Ondoko egunetan eta gerora izanen diren bi hitzordu ere aipatu zituzten Elizondoko elkarretaratzean. Batetik, maiatzaren 23an eta 24an Herrien Europa Sozial baten alde, pentsio publiko duinak lelopean pentsiodunen plataformek eta sindikatuek Deustun egitekoak dituzten topaketak, eta bertzetik, ekainaren 9ko Europako hauteskundeak. Azken horren harira, «eskuina eta eskuin muturra azken boladan harro dabiltzala, eta orain arte lortutako hainbat eskubide murrizteko eta alde batera uzteko mehatxu iraunkorraz» aritu ziren. Horren kontra, «jendarte justuaren aldeko mugimenduak eta egiturak, tartean pentsiodunak, nazioarte mailan antolatzearen garrantzia» nabarmendu zuten.
Bertzalde, LAB sindikatuak pentsio sistema publiko eta propiorako aurkeztu duen proposamena txalotu zuten, «lan bikaina» izan dela erranez. Eta bukatzeko, «Israel Palestinaren kontra egiten ari den genozidioa» salatu zuten. «Genozidioaren kontrako mobilizazioak indarra hartzen ari dira, baina genozidioak segitzen du». Honela gaineratu zuten: «Palestinarrek herri askean bizitzeko duten eskubidea izan arte, ezin diogu borrokatzeari utzi. Mendebaldeko agintariei exijitu behar diegu uzteko alde batera euren diru gosea eta errespetatu dezatela pertsona guzien bizi duina».