Lekarozko Meliton estudioen eraikinean kabi nabeak egiteko proposamena egin du Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 19:00

Irudia: Ondikol.

«Eskualdera enpresa berriak erakartzeko konponbidea» proposatu dio koalizioak Baztango Udalari

Baztango Gero Baik mozio bat aurkeztu du udalbatzan, «Baztango Udala premiatuz Industria Departamentura jo dezan, Lekarozko campusean Meliton estudioek erabilitako eraikinean kabi nabeak egiteko eskatzera». Zehazki, espazioa «egokien diren neurriko nabeetan antolatzea» proposatu du Lander Santamaria zinegotziak, «Baztanen sor daitezkeen ekoizpen iniziatibak hartzeko, baita bailarara etortzeko interesa duten kanpoko ekimenendako ere».

Mozioan gogorarazi duenez, «desagertutako ikastetxeko kanpandorreak duen egoera okerra eta arriskutsua dela eta, campusean ezin da hasiera batean egin nahi zen enpresa mintegiaren proiektua garatu. Kanpandorre horren eraisketa 2009an egin behar zen».

Espazio berean dago Meliton Zinema Estudioek erabili zuten eraikina, eta bertan proposatu dute egitea kabi nabeak, «Agoizko Solano tailer zaharretan egiten ari diren konponbidearen antzeko bat, alegia».

Taldeak azaldu duenez, «Industria Departamentuak eraikina egokitzeko lanen zati handi bat finantzatzeko konpromisoa hartu du, betiere Baztango Udalaren babesa badute». Horregatik eskatu dio Gero Baik udalari «ekimen hau aurrera atera ahal izateko beharrezko tramiteak egin ditzan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun