'Generoaren araberako lanbideak?' jardunaldia egin dute Elizondo Lanbide Eskolan Doneztebeko ikasleekin

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 17a, 21:00

Lanbide aukeraketaren orientazioan laguntzea eta generoaren araberako lanbide arrakala azaleratzea izan du helburu ekimenak

Elizondoko Lanbide Eskolak Generoaren araberako lanbideak? jardunaldia egin du Doneztebeko Mendaur institutuko 2. DBHko ikasleen partaidetzarekin.

Alde batetik, DBHko ikasleei orientazioa eskaini diete eskolako zazpi lanbide familietako (ostalaritza eta turismoa; fabrikazio mekanikoa; soldadura; erizaintza; administraritza; informatika; eta gorputz heziketa) baliabideak aprobetxatuz. Hainbat egoera eta ariketa paratu dizkiete, haien buruak lanbide hauetan nola ikusten duten probatzeko.

Bertze aldetik, generoaren arabera lanbideetan arrakala dagoela azaldu diete, eta lanbidea aukeratzean norberaren gogoa lehenestera gonbidatu dituzte. Gizarteko iruditeriari aurre egin nahian, ikasle guztiek eskolako lanbide guztiak probatu ahal izan dituzte, eta horretarako gidari izan dituzte eskola ikasleak, neskak zein mutilak.

Jardunaldi honekin, «Elizondo Lanbide Eskolak eskualdean orientazioa egin eta hezkidetza planean pauso bat gehiago eman ahal izan du». Lehen aldiz egin dute ekimen hau, eta bigarren saioa Lekarozko institutuko 2. mailako ikasleekin eginen dute ekainaren 12an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun