AITATASUNA

«Hausnartu eta zalantzan jar dezagun egungo maskulinitate eredua»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 19a, 10:00

Etxeberria Aietz bere haurrarekin.

Imanol ETXEBERRIA ANTXORENA, Arizkun

«Aitatasuna umearen zaintzan egiazko ardura izatea» dela dio Imanol Etxeberria Antxorena arizkundarrak, «umearen ongizatea bermatzeko behar diren ardura guziak hartzea, guraso rola % 100 betetzea, zaintza, ardura eta presentzia erreala bermatuz». Eta hori izan da bere bidea. «Zazpi hilabete dituen Aietzen aita eta aurrez bidean bertze lau haur galdu dituen aita» da eta «gure kasuan gurasotasuna bikotekidearen eta bion arteko elkarlana da».

Berari dagokionez, aita izandakoan, lanaldi zatitutik jarraitura pasatu zen, «etxera ahal bezain fite ailegatu ahal izateko». Eta hala, etxeko ttikiarekin, «harreman sanoa, goxoa, maitasunez betea eta kalitatezkoa» duela kontatu du: «Aietzek oraindik zazpi hilabete ditu eta bere behar emozional, fisiologiko eta psikologikoak asetzeko berarekin ahalik eta kalitatezko denbora gehien pasatzen saiatzen naiz».

Garbi du aita izateko modua aukeratu egiten dela, «inongo dudarik gabe» gainera: «Beti aukeratzen ahal duzu inplikazio maila, ardura maila, zaintza maila, eskaini nahi duzun denbora... Harreman onaren edo estuaren oinarriak maitasuna, afektua, konpromisoa eta zaintza dira. Eskainitako denbora tartea baino garrantzitsuagoa da denboraren kalitatea».

«Zaintzak emakumeen esku segitzen du eta gizonoi dagokigu aitzinerat pausoa ematea eta aldaketa bermatzeko neurriak hartzea»

Agerikoa da zaintza orokorrean emakumeen ardura dela. Egoera aldatzen hasia dela aipatu du arizkundarrak, baina «oraino aldatzeko aunitz» falta dela gehitu du: «Zaintzak emakumeen esku segitzen du eta gizonoi dagokigu aitzinerat pausoak ematea eta aldaketa bermatzeko neurriak hartzea. Aunitzetan iruditzen zaigu haurren zaintza bermatzearekin guraso papera bete dugula, baina familia bat garen heinean, etxeko zaintzak oraindik gehienetan emakumeen gainkarga izaten segitzen du. Aita izateak etxea zaintzeko lana ere badakar: garbiketa, ardura, erosketak, pediatrara bisitak, arropak, jatorduak... Dena lotua dago, eta beraz, oraino pauso aunitz eman beharko ditugu gizartean benetako aldaketa gertatzeko».

Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak antolatuta, aitatasun erantzunkideari buruzko tailerrean ibili zen Etxeberria. Onartu duenez, «ez nekien ongi zer topatuko nuen tailerrean, baina garbi nuen aitaren paperari buruzko hausnarketarako tresnak behar nituela. Bertze aita batzuekin esperientziak konpartitu eta tribuaren parte sentitu nahi nuen». Ikasi zuela dio: «Denok dugu mikromatxismoz beteriko motxila gainean eta pisu hori pixkanaka kentzen hasteko garaia dela ikasi dut. Baita bertzeekin esperientziak, kezkak… konpartitzeak aunitz laguntzen duela ere». Kontent gelditu zen tailerrarekin eta «arras esperientzia aberasgarria» izan zela gaineratu du: «Nire egunerokotasunaz hausnartzeaz gain, bertze kideekin esperientziak elkarbanatzeak denoi on egin digu. Arras gomendagarria».

Gainerakoan, inguruan «denetariko aitatasun ereduak» ikusten dituela onartu du: «Badira zaintza eta ardurak guziz edo ia guziz partekatzen dituztenak, baina badira zaintza haurrarekin frontoira joanez bakarrik betetzen dutenak». Etxeberriak «nire begirada berdina edo antzekoa duten jendearekin harremanak izateko aukera izatea eskertu» du; «naizen bezala izateko aukera izan dut epairik gabe».

Bere irudiko, «orokorrean gizarteak» huts egiten du «Gizarte matxista batean bizi gara eta parekidetasuna lortzen ez den bitartean gurasotasunaren begirada ez da aldatuko». Horregatik egin du «zaintzak erdigunean jartzeko» deia. «Denok pixka bat ematen badugu, gizartea aldatzeko gai izanen gara». Bide beretik, «feminismoaren alde borrokan segitzeko momentua» dela nabarmendu du: «Berdintasunik gabe ez dago aldaketarik. Hausnartu dezagun denok eta zalantzan jar dezagun egungo maskulinitate eredua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun