AITATASUNA

«Salbuespenak izanen dira baina oraino amek dute zaintzaren zama haundiena»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 18a, 11:00

Bi haurren aita da Dani Aranaz.

Dani ARANAZ LEGAZ, Erratzu

«Gurasotasuna guraso izan arte ulertzen ez duzun bizimodua, ardura, erantzukizuna, zoriontasuna, gozamena...» dela dio Dani Aranaz Legazek, «baita haserrea, inpotentzia, desesperazioa... ere». Ez hori bakarrik: «Niretako gurasotasuna nire seme-alabak maitatzea, errespetatzea, heztea, diren bezala izateagatik eta ez zerbait ongi egin dutelako beraiez harro egotea, eta hori guzia beraiei erratea da».

Aitatasun arduratsuaz ere mintzatu da eta «seme-alabak edukitzeak dakartzan ardura guziez jabetzea eta betetzea» dela esplikatu du: «Gaur egun, aita modernook fardelak aldatzeagatik, motxilan haurrak eramateagatik edo gure semea edo alaba bainatzeagatik arras aita erantzunkideak garela uste dugu. Egia da duela urte batzuetako aitekin konparatuta, gauzak aldatu direla. Oraingo aitek etxeko lanak egiten dituzte eta seme-alabekin denbora gehiago pasatzen dute. Baina oraino hainbertze ardura amaren gain uzten dira: azazkalak moztu, arropa erosi, ilea moztu... Salbuespenak izanen dira, doike, baina nire ustez, oraino amek dute haurren zainketaren zama haundiena».

Horregatik uste du gurasotasunean parekidetasuna lortzetik «urrun» gaudela. «Nire seme-alaben zaintzan parte hartzen dut, baina kontziente naiz ez dudala modu berdinean egiten. Nire bikotekideak bere gain hartzen du pisu haundiena». Horretaz gain, honela gaineratu du: «Iruditzen zait aitek amek baino aise denbora gehiago hartzen dutela aisialdirako. Zaintza eta hazkuntza parekideak gurasook hain beharrezkoak ditugun aisialdi tarte horien banaketa ekarriko luke, bertzeak bertze».

Lau urte eta urtebete dituzten bi haurren gurasoa da, eta onartu du bi kasuak diferenteak izan direla: «Lehenbizikoa sortu zenean, senide baten arazo bat medio, etxean aunitz faltatu nuen, eta zaintza ia guzia amaren esku gelditu zen. Lau urte beranduago, oraino nabaritzen da absentzia horren eragina gure harremanean. Bigarrenarekin arras diferentea izan da, hasieratik etxean presente egon izanak gure harremana aise estuagoa izatea erraztu du».

«Aukeratu dezakegu orain arteko eredu patriarkalarekin segitu edo haurren zaintzak dakartzan lanak eta ardurak bi gurasoen artean banatzen eta orekatzen saiatu»

Aita izateko modua aukeratzen ahal dela uste du: «Aukeratu dezakegu orain arteko eredu patriarkalarekin segitu edo haurren zaintzak dakartzan lanak eta ardurak bi gurasoen artean banatzen eta orekatzen saiatu». Parekidetasun faltaren oinarrian, «gizonen borondate falta» ikusten du: «Patriarkatu luze baten ondorioz, gizonok posizio pribilegiatua dugu. Hori aldatzeko pribilegio horiei uko egin behar diegu. Geure burua feministatzat dugun gizonok ikusten dugu horren beharra, baina gero, praktikan, kostatu egiten zaigu».

Tailerra

Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak aitatasun erantzunkideari buruz antolatutako tailerrean parte hartu zuen Aranazek, dioenez, «aitatasun eredu horretan sinesten dudalako, nahiz eta kontziente izan oraindik ere gure familian parekidetasunetik urrun gaudela. Bertze etxeetan zein eredu zeuden, zer egin genezakeen ikusteko, eta bertze aitekin elkartzeko joan nintzen tailerrera. Aitak guti solastatzen gara gure artean haurren zaintzari buruz, gehiago egin beharko genuke».

Tailerrak «hausnartzeko» atea ireki zion erratzuarrari, «bertze egoera batean eginen ez genukeena. Adibidez, zenbat matxismo eramaten dugun aitok etxera. Nire kasuan argi dut, aunitz». Horrekin batera, «aitok, orokorrean, ez dakigula egoten» konturatu zen: «Normalean, aitak ez gara gai deus egin gabe egoteko, gure seme-alabekin ‘deus’ egin gabe denbora pasatzeko. Ekintzak egin behar ditugu: puzzleak, eraikuntzak, pilotan jokatu… Haurrekin egoten ikasi behar dugu, egoten bakarrik».

Bide batez, «zaintza eta hazkuntza banatzea ez dela nahikoa» adierazi du: «Zaintza eta hazkuntzaren ereduari ere erreparatu beharko genioke. Haurrak, deus baino lehen, pertsonak dira. Eta pertsonak bezala tratatu behar ditugu, duintasunez, beraien erritmoak errespetatuz eta beraien nahiak kontuan hartuz. Ez dira gure panpinak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun