AITATASUNA

«Aitatasunean, garrantzitsuena, ama zaintzea da»

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 18a, 10:00

Petrikorena eta familia.

Txomin PETRIKORENA IRIGOIEN, Elizondo

Duela zortzi hilabete aita izan zen Txomin Petrikorena Irigoien elizondarra, eta etxeko ttikiaren bueltan dabil geroztik. Aitatasun baimenaren lehenbiziko sei asteak hartuta, lanera bueltatu zen, eta orain baimenaren gainerako zatiari probetxua ateratzen ari da: «Neska-lagunak eszedentzia hartu du eta oposizioak prestatzen ari da, eta nik ekainaren 30era arte baimena izanen dut».

«Asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan» guraso da Petrikorena eta «hori sentitzen dudalako» egiten omen du: «Ez dut gero alabarengandik bilduko edo bilduko ez dudanagatik egiten. Babesa behar duela sentitzen dut eta nahi dudalako ematen diot. Gure denbora berarekin inbertitu nahi dugu».

Orain arteko bidea, ordea, ez da erraza izan: «Etxean erditu ginen eta ospitalean akitu. Baina ospitalean ez zizkiguten erregistroko paperak bete nahi izan. Dudan jarri zuten alaba gurea zela. Arras gogorra izan zen. Bi hilabete eta erdi joan zitzaizkigun erregistratu orduko. Horrek eragozpen handiak ekarri zizkigun. Sei asteren ondotik lanera bueltatzea derrigortu zidaten, eta neska lagunak bajan segitu zuen, baina kobratu gabe. Zaurgarrien geunden momentu hartan bide judiziala hartzera derrigortu ziguten. DNA froga egin behar izan genuen alaba gurea zela demostratzeko. Indarkeria obstetrikoa izan zen».

Eta horri «erditzea, erditze ondorengoa eta edoskitzea ere gogorrak» izan zirela gehitu behar zaizkio, baita sentitu zuten «komunitate eta informazio falta» ere. Hain zuzen, pasatutakoa gogoan, «ama zaintzearen garrantzia» azpimarratu nahi izan du: «Orain alabak behar duen guzia amak du eta garrantzitsuena ama zaintzea da».

Petrikorenak aita izateko modua «aukeratu» egiten dela uste du: «Norberak hartzen duen arduraren eta egoteko duen gogoaren araberakoa da». Baina aukeratu ez ezik, aita izaten «ikasi» ere egiten delakoan dago.

«Ez da egitea bakarrik, pentsatzea ere lana eta ardura da»

Bere irudiko, zaintzaren «parte haundia oraindik amek» dute, eta alde ikusezinari begira jarri da, «zama mentala» aipatuz: «Ez da egitea bakarrik, pentsatzea ere lana eta ardura da, eta hori kentzea haundia izanen litzateke». Horrekin batera, gurasotasunean parekidetasuna lortzetik «urrun» ikusten du gizartea: «Belaunaldiz belaunaldi gizonezkook gure pribilegioak barneratu ditugu eta berdintasuna lortzeko pribilegio horiek alde batera utzi beharko genituzke. Hortik hasi beharko genuke». Horrek «dena» aldatuko lukeela iruditzen zaio: «baita gure seme-alaben izaera ere. Gaur egun dauden klixeak alde batera utzi, eta libreagoak izanen ginen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun