Maiatzaren 17an, LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ pertsonentzat garrantzi handia duen mugarri historiko bat gogoratzen da. 1990ean Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen nazioarteko sailkapenetik kendu zuen homosexualitatea. Hori aurrerapauso nabarmena izan zen LGTBI+ pertsonen duintasuna eta eskubideak onartzeko bidean. Transexualitatea, berriz, 2022ra arte ez da despatologizatu. Izan ere, urte horretan eskuliburu hori azkenekoz eguneratu zen arte, nahasmendu mentalen atalean jasota zegoen.
Horregatik, gaurko egunean, Nafarroako Gobernuak erabat arbuiatu nahi du LGTBIfobia dakarren edozein adierazpen, eta berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan duen konpromisoa.
Azken hamarkadetan, aurrerapen handiak egin dira LGTBI+ eskubideen arloan: LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten zenbait lege onetsi dira, bai Nafarroan eta baita Espainian ere, eta horrekin batera gizartean aldaketak eta aurrerapenak egin dira. Hori guztia erakundeen eta kolektiboen lan koordinatuaren eta konpromisoaren emaitza da. Izan ere, erakunde eta kolektibo horiei aitortu eta eskertu behar zaie lan nekaezina egin dutela LGTBI+ pertsonen eskubideen alde.
Hainbat lorpen izan badira ere, egungo testuingurua erronka handia da, kezkaz ikusten ari baikara nola ari diren areagotzen azken urte hauetan gorroto-delituak eta diskurtso LGTBIfobikoak, erdietsitako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak. Adibidez, azken bi aste hauetan gutxienez bi eraso homofobo izan dira, eta, jakina denez, indarkeria LGTBIfobikoaren adierazpen horiek icebergaren punta baino ez dira.
Nafarroako Gobernuarentzat, LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira, eta halakotzat babestu eta defendatu behar dira. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak, adierazpen honen bidez, indarkeria eta diskriminazio adierazpen oro gaitzesten du, eta berresten du konpromisoa duela LGTBI+ arloko politika publikoak egiteko, LGTBI+ eskubideak bermatu eta sustatzeko eta Nafarroa erkidego askotarikoagoa eta berdinzaleagoa bilakatzeko.
Era berean, Baztango Udalak LGTBI pertsonen berdintasuna sustatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, heteroarauari eta sexu-genero sistemari aurre egiten dioten praktikak dituzten pertsonen ikusgarritasuna sustatzen eta erreferenteak eskaintzen.