'Bizi baldintza duinen alde' jardunaldia egin du Baztan-Bidasoko Ernaik Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 13a, 11:30

Eguraldia lagun, eskualde guziko hamarnaka gazte elkartu ginen larunbatean Elizondoko karriketan, Ernaik antolatutako egitarauari hasmenta emateko.

Argazkiak eta testua: Aintzane Ariztegi

Poteo politikoak hiru geldialdi izan zituen: lehenbizikoan, Malen Alzuartek gazteen osasun mentalaren inguruko hitzartze bat egin zuen, bigarrenean, Xabier Sarratearen eskutik Lekarozko Lozy's Pharmaceuticals enpresako langileen grebaren berri izan genuen, eta akitzeko, Gorka Laurnagak krisi ekosoziala eta zoriontasunaren inguruko hausnarketa bat eskaini zigun.

Bazkaria izan genuen ondotik Amezti Elkartean, eta kafearekin batera eman genion hasmenta 'Baztan-Bidasoan alternatiba!' tailerrari. Bertan zenbait ildo landu genituen eta eskualdean lurreratu: etxebizitza, bizi eredua, osasun mentala eta trantsizio ekosoziala.

Hortik Elizondoko plazara joan ginen, gure aldarrikapenak jendartaratzeko elkarretaratzera. Egunari akabaila emateko, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga eta Joanes Illarregiren eskutik bertso afaria izan genuen Mendin, giro ederrean hetsi genuen eguna gazteok.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun