Euskal Jai erremonte fundazioak antolatutako Udaberriko erremonte txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zuten maiatzaren 9an, Salbatore egunean, Iruritako Aranabia pilotalekuan, herriko besten barrenean. Gainera, Irurita bertako bi erremontista profesional berriren arteko lehia ikusteko aukera izan zuten. Jon Sagaseta iruritarra eta Ion, Xuban Iturregi iruritarraren eta Otanoren kontra aritu ziren eta urdinek lortu zuten garaipena 25-35.
Hasiera berdindu xamarra izan zuen partidak eta gorriak 7-3 irabazten ere izan ziren. Baina zazpinako berdinketaren ondotik, urdinek hartu zuten agintea. Zortzi tantoko aldea ere hartu zuten agudo (9-17). Bi tantora hurbiltzea lortu zuten Sagasetak eta Ionek (17-19), baina ez zuten partida berdintzerik lortu eta berriz ere zortzi tantoko (19-27, 20-28) eta hamar tantoko aldea ere (21-31, 22-32, 23-33) ere hartu zuten Iturregik eta Otanok eta alde horrekin irabazi zuten (25-35).
Otanok hamar tanto egin zituen eta lau pilota galdu, Iturregik zortzi tanto egin zituen alerik galdu gabe, Sagasetak zazpi tanto egin zituen eta bi pilota galdu eta Ionek zortzi tanto egin zituen (bat sakez) eta bi pilota galdu.
Iruritako jaialdia esku pilotako ASPEko profesionalen arteko partida batekin abiatu zen: De la Fuentek eta Rezustak 22-20 irabazi zieten Peio Etxeberriari eta Gascueri.
Udaberriko erremonte txapelketako laugarren eta bosgarren jardunaldia asteburuan
Udaberriko erremonte txapelketak ez du etenik eta bi jardunaldi jokatuko dituzte asteburu honetan. Larunatean 18:00etan Lizarrako Remontival pilotalekuan Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrak, Jon Sagaseta iruritarraren eta Ionen kontra ariko dira eta igandean 11:30ean Berriobeitin, oraindik txapelketa honetan partidarik jokatu ez duten Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Xuban Iturregiren eta Otanoren kontra ariko dira.