Bizikletaren mantentze lanak egiteko saioak eginen ditu Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 10a, 10:00

Irudia: Freepik.com

Hilabetean behin Elizondoko Ahaztuen plazan (Fantxike ondoan) bilduko dira eta nahi duenarendako katea urineztatzeko, balaztak tenkatzeko, martxak erregulatzeko… laguntza emanen dute. Lehenbiziko hitzordua maiatzaren 16an, heldu den ortzegunean, 19:00etan izanen da. Hurrengoa ereiaroaren 27an, leku eta ordu berean.

Baztango Talde Ekosozialak azaldu duenez, «bizikleta eguneroko joan-etorrietarako aski erabilgarria da, eta gurearen gisako landa eremuan eta kliman ere bai, Europa iparraldeko herrialde hotz eta euritsuek erakusten duten bezala. Argazki zaharretan ageri denez, XX. mendearen gehienean, mobilletak hedatu artio, bizikleta zernahitarako erabiltzen zen hemen».

Hala ere, «urtetik urtera autoen kopurua goiti ari da Baztanen, nahiz jendeen kopurua dagoenean mantendu. Gero eta auto handiagoak dira batzuk, SUV gisakoak, aparkatzeko toki pila hartzen dutenak, aisialdiko furgonetak ere bai… erregai fosiletan oinarrituriko kontsumo kultura, birpentsatu beharrekoa».

Horrela, «eguneroko ibilgailu gisa bizikletaren kultura bultzatzeko etengabeko eginahalean» ari da Talde Ekosoziala, «helburua baita mendearen akaberarako tenperatura globala banaz bertze 1,5º baino gehiago ez igatea, denendako bizigarria eta bidezkoa izanen den Lur planetan».

Horretarako, «bizitza lurralde eskala ttipiagoetan antolatu behar da, horren araberako lurraldearen antolaketa, hirigintza, garraio publiko, elikadura eta energia berriztagarri sistemekin…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun