Onenak Trinkete Txapelketa jokatuko dute asteburuan Elizondon

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 9a, 16:00

Joan den urtean Elizondoko konpartsarendako izan zen finalean bildutako dirua. Aurten, Xauli elkartearendako izanen da. Argazkia: Ondikol

Ortziralean finalerdiak jokatuko dituzte Antxitonean, sarrera librearekin, eta larunbateko finaletan biltzen den dirua Xauli elkartera bideratuko dute

Elizondoko Antxitoneak Onenak Trinkete Txapelketa antolatu du bertze behin, eta ortziralean eta larunbatean jokatuko dituzte finalerdiak eta finala. Finalerdietan sarrera doan izanen da, baina larunbateko azken partidetarako 5 euroko sarrera kobratuko da eta Xauli elkartera bideratuko dute bildutakoa.

Lau bikote lehiatuko dira ortziraleko finalerdietan, 18:30ean hasita. Iñaki Iantzi eta Iñaki Urrutia, Ramuntxo Amestoiren eta Arnaud Bergeroten kontra ariko dira eta ondotik, bigarren finalerdian, Mattin Legarrea eta Axier Gamio, Joseba Arizmendiren eta Mikel Argarateren kontra.

Finalak larunbat goizean jokatuko dituzte. 11:30ean hasita hirugarren eta laugarren postuak erabakiko duen partida jokatuko dute eta gero, finalistek txapela izanen dute jokoan. Larunbateko sarrerak bortz euro balioko ditu, eta bildutako dirua Xauli elkarteari emanen diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun