Baztango Udala Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzan lanean ari da, eskualdean ekoiztutako elikadura osasungarriagoa eta iraunkorragoa ezartzeko, tokiko nekazari eta abeltzainen eskaintzara egokitua. Proba pilotuan elikagaiak biltegiratzeko eta prestatzeko azpiegitura ebaluatu dute, eta egungo menuak eta hornitzaileak aztertu dituzte. Horrela, «sukaldeko langileen lan ona eta menu berrituak» uztartu nahi dituzte, «nutrizionista adituen ikuskaritzapean». Horrez gain, Cederna Garalur elkartea interesa agertu duten ekoizleekin biltzen hasi da.
Proiektuak prozesuko eragileek osatutako taldea du: udala, egoitzako kudeatzaileak, langileak, sukalde eta erosketen arduraduna eta lehen sektoreko ekoizleak. Dinamizazioa Mirua Mikrokooperatibaren esku dago eta finantzazioa Conecta Navarra Rural proiektuaren bidez lortu da.
Udalak azaldu duenez, «elikadura zein energia burujabetzan aitzinera egiteko borondatea dago lurralde mailan, ahalik eta autosufizientzia handiena izateko. Elikadura politikek onura zuzenak dituzte herritarrendako zein lurraldearendako. Alde batetik, sasoiko produktu fresko eta ekologikoetan oinarritutako menu orekatuek elikadura osasungarria bermatzen dute. Bertze aldetik, elikagai horiek hurbileko zirkuituetan erosteak, eta ahal dela zuzenean ekoizleei erosteak, ingurumena zaintzea, ekonomia zirkularra garatzea eta landa eremuan biztanleria finkatzea errazten du».