Giro ezin hobea Izpegiko VI. igoeran

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 6a, 16:00

37 pilotuk parte hartu zuten proban eta Bruno Scherer eta Daniel Jimenez izan ziren txapeldunak, Turismoen eta Monoplazen kategorian, hurrenez hurren. Argazkiak: Peli AVM, DRS Razing eta Juan Mari Ondikol

DRS Razing taldeak Izpegiko igoera antolatu zuen bertze behin larunbatean, eta arrakastatsua izan zen seigarren edizioa. Eguraldia lagun, jendetza bildu zen proba ikustera eguerdian. Euskal Herri osotik etorritako 37 autok parte hartu zuten, eta 34 gidarik lortu zuten akitzea. Ilunabarrean sari banaketa egin zuten Erratzuko plazan.

Turismoetan Bruno Scherer izan zen garaile, Porsche 911 GT3 autoarekin. Lucas Scherer izan zen bigarrena, BMW M3 E46arekin, eta Andoitz Garmendiak osatu zuen podiuma, BMW M3 E36 autoarekin. Monoplazetan, berriz, Daniel Jimenez izan zen txapeldun, BRC B49 autoarekin, eta Unai Arretxe bigarren Speed Card GT 1.000rekin.

Horrez gain, maila bakoitzeko pilotuak ere saritu zituzten: 2. klasean Bruno Scherer izan zen txapeldun; 3. klasean Lucas Scherer; 4. klasean Aitor Hoyos; 5. klasean Miguel Goienetxe; 6. klasean Javier Orbaizeta; 7. klasean Joseba Iñarrea; 8. klasean Javier Irigoien; 9. klasean Daniel Jiménez; eta Historikoetan Aitor Hoyos.

Antolatzaileek adierazi dutenez, «hasieran euriarekin egun kaskarra aterako zelakoan ginen, baina eguerdi aldera garbitu eta egun eder batez gozatzeko aukera izan genuen. Jendea mantso-mantso hurbiltzen hasi zen, batik bat Izpegiko gaineko aldean. Eguna borobiltzeko, sari banaketan giro polita izan zen Erratzuko plazan. Erran daiteke denak gustura akitu genuela, eta orain heldu den urtekoari esperoan egonen gara gogo handiagoarekin!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun