Hamar lagin aurkeztu dituzte aurten (H)ilbeltza bekan, Guillem liburuaren itzulpen lana egiteko, eta Amaia Apalauza Ollo iruindarra izan da saritua. 6.000 euroko saria lortu du, erdia orain emanen diote eta gainerakoa lana akitzerakoan.
Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatu dute beka, euskarazko nobela beltza sustatzeko helburuarekin. Epaimahaia Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Beñat Irastorza aurreko irabazleak eta Garazi Arrula Ruiz Txalapartako ordezkariak osatu dute.
Azaldu dutenez, aipagarriena «lagin irabazleak katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen» izan da, «horretarako joskera zaindu baitu eta euskararen baliabide ugariak baliatu baititu, testuari jario haundia eta aberastasuna emanez».
Apalauzak heldu den urtera arte izanen du liburua euskaratzeko epea, eta 2025eko abenduan publikatuko du Txalaparta argitaletxeak. Gainera, 2026ko urtarrilean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Amaia Apalauza Ollo
1979an Iruñean sortua, Euskal Filologia ikasi du Apalauzak, eta Nafarroako euskarari buruzko doktore tesia aurkeztu zuen 2011n. Gaur egun itzultzaile eta zuzentzaile autonomoa da, eta EIZIEko (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) zuzendaritza taldeko kidea. 2015ean argitaratu zuen lehen itzulpen lana, Sergei Dovlatoven Maleta ipuin liburua, eta hainbat liburu euskaratu ditu geroztik. Katalanetik, zehazki, bi liburu itzuli ditu: Irene Pujadasen Puskak eta Montserrat Roigen Gerezi-denbora.
Aurtengoa bekaren zortzigarren lan saritua izanen da. Lehen edizioa sormen beka izan zen; Miel A. Elustondo izan zen sariduna eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen. Hirugarren irabazlea Miren Gorrotxategi izan zen eta Sotoan gordeak liburua izan zen emaitza. Laugarren beka Koldo Bigurik jaso zuen eta Massimo Carlotto italiarraren Agur maitea, ikusi arte eleberria itzuli zuen. Borzgarren beka Eneko Barberenak lortu zuen eta Suak erreko ez balu eleberria idatzi zuen. Seigarrenean Beñat Irastorza izan zen saritua, eta Fred Vargasen Debout les morts liburua euskaratua argitaratu zuen. Iazko irabazlea Joxan Oiz Arruti izan zen, Zorigaiztoko proiekturekin, eta aurtengo abenduan argitaratuko dute bere eleberria.