Baztango Ernaiko kideak Elizondoko plazan bildu ziren astearte arratsaldean, gazteen emantzipatzeko arazoa plazaratu eta salatzeko. Kanpin dendak muntatu ondotik batzarra egin zuten, eta Xabi Torres, udaleko zinegotzi izandakoa, etxebizitzaren egungo egoeraz eta turismoaren eraginaz solastatu zen. Parte hartzaileek gaia lantzeko eta irtenbideak irudikatzeko tartea ere izan zuten.
Afalondoan Bidenabar taldeak goxatu zuen gaua, eta euriak atsedenik eman ez bazuen ere, hainbat lagun gelditu ziren herriko plazan lo egiten. Biharamunean, maiatzaren 1ean, LABek deitutako manifestaziora joan ziren, gazteen aldarrikapenak Iruñeko karriketan plazaratzeko.