Amaiur eta Hondarribia senidetzeko ekitaldia egin dute apirilaren 27an

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 29a, 12:30

Amaiur Nafarroako azken gaztelua eta Hondarribia Nafarroako azken portua izan zela gogoan, bi herrien arteko senidetze-ekitaldia egin dute apirilaren 27an. Hain zuzen, duela 500 urte, 1524ko apirilaren 29an Nafarroako erresumaren azken portua Gaztelaren eskuetan geratu zen. Senidetze ekitaldia apirileko hondarreko larunbatean egin dute eta bosgarren mendeurren honen harira bertze hainbat ekitaldi ere egin dituzte Hondarribian. Argazkiak: Ixabel Alemanek utziak

Ekitaldi instituzionala eta herrikoia apirilaren 27an

Apirilaren 27an, ekitaldi instituzionala egin zuten larunbat eguerdian Hondarribiko udaletxeko areto nagusian, Amaiur, Baztan eta Hondarribiko alkateen parte-hartzearekin. Ixabel Aleman Amaiurko alkateak aipatu zuenez, «hondarribiarrak eta baztandarrak beti senideak izan gara, Bidasoa ibaiaren bidez, Alkurruntz edo Auzan sortu eta Txingudira etortzen den uraren bitartez. Ur beretik edaten dugu, hizkuntza bera dugu, ohitura berdinak… Baina historiak ezarritako mugak ere hor daude. Urtetan, Espainiak eta Frantziak idatzitako historia sinetsi dugu. Beraien leihoetatik ez dute ez Jaizkibel, ez Larun, ezta Alkurruntz ere ikusten, ez dute gure ura edaten, baina halere gure historia idatzi dute, Amaiur traidoreen gaztelu bat zeka idatziz, Hondarribia plaza militarra bilakatuz…, azken finean, nahi ez ditugun mugak ezarriz». Iragana ezin dela aldatu, baina euskal erakundeetan gaudenok gure herri nortasuna eta lurraldeen arteko loturak sendotzeko ekimenak bultzatu behar ditugu», adierazi zuen.

Segidan, ekitaldi instituzionala egin zuten Damarri Plazan. Bertan, Kemen Dantza Taldeak, Hondarribiko Txistu Taldeak eta Amaiurko Gaztelu Abesbatzak zein Hondarribiko abesbatzek parte hartu zuten eta Petti abeslari beratarrak Amaiur gaztelu baltza kantatu zuen. Igor Enparan Hondarribiko alkateak eta Ixabel Aleman Amaiurko alkateak senidetzearen oroitarria hartu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun