IÑIGO GORROTXATEGI PASCAL

«Geroz eta ikasle gehiago formatzen dira Lanbide Heziketan»

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 27a, 11:00

Apirilaren 29an abiatuko da Elizondo Lanbide Eskolan izena emateko epea, eta ikastetxearen ziklo eskaintzaz eta heldu den ikasturtean indarrean sartuko den lege berriaz aritu da Iñigo Gorrotxategi zuzendaria.

Zenbat ikasle dituzue aurten?

Guztira 215 ikasle ditugu: 41 Oinarrizko Mailan, 136 Erdi Mailan, 33 Goi Mailan eta 5 Lanbide Heziketa Berezian. Azken urteetan ikasle kopuruak goiti egin du nabarmen; duela bortz urte, adibidez, 112 ikasle genituen. Horrek erakusten du ziklo hauek ikasteko dagoen joera, eta gure eskualdean portzentajea apalagoa bada ere, goiti egiten ari da. Enpresek geroz eta gehiago eskatzen dituzte Lanbide Heziketan formatutako ikasleak eta eskolatik ezin hornitu gabiltza. Iazko ikasturtean akitu zuten ikasleetatik, abenduan bakarra zegoen langabezian.

Zein ziklo eskaintzen dituzue?

Gaur egun zortzi ziklo ditugu: Lanbide Heziketa Berezian Ostatu eta garbiketa arloko laguntzailea; Oinarrizko Mailan Bulegoko informatika eta Elementu metalikoen fabrikazioa; Erdi Mailan Erizaintzako zainketa lagungarriak, Administrazio kudeaketa, Mekanizazioa eta Natura inguruneko eta aisialdiko gidaria; eta Goi Mailan Administrazioa eta finantzak.

Hurrengo ikasturtean bi ziklo berri sartuko dituzue, ezta?

Bai, Goi Mailako bi ziklo: Haur hezkuntza eta Zuzendaritzari laguntza.

Zergatik bi horiek?

Orain arte desorekatua izan dugu mailen arteko eskaintza, baina aurten Goi Mailako ziklo gehiago eskaintzeko aukera ireki zaigu. Haur hezkuntzako zikloari dagokionez, eskualdetik kanpo ikastera doazen ikasle kopururik haundiena du, eta Erdi Mailako Erizaintzako ikasleek gehien aukeratzen duten zikloa da haien ikasketak osatzeko. Zuzendaritza laguntza zikloari dagokionez, ez dugu ziklo osoa eskainiko, modulu jakin batzuk baizik. Helburu nagusia da Administrazioa eta finantzak ikasi eta unibertsitatera joan gabe ikasten segitu nahi dutenei eskaintza ematea. Beraz, nahi duenak hiru urtetan bi Goi Mailako ziklo horiek osatu ahalko ditu. Dena den, Administrazioa eta finantzak ikasi ez dutenek ere eskaintza modularrean matrikulatzeko aukera izanen dute. 

Herrigintzako proiektuak ere egiten dituzue, ez?

Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioa deitzen den metodologiaren barnean hainbat proiektu egin ditugu, azken hamarkada honetan bereziki. Proiektu horiek, eskualdeari eskaintzen diogun zerbitzu bat izateaz gain, aukera paregabea dira gainontzeko instituzio eta elkarteekin elkarlanean aritzeko eta eskualdeko sarea indartzeko. Izan ere, Elizondo Lanbide Eskolak betitik izan du eskualdeari eta herrigintzari zerbitzua emateko konpromisoa eta ahal dugun heinean horretan segitzen dugu.

Inportantea da klasean ikasitakoa kasu errealetara aplikatzea?

Zalantzarik gabe, proiektu erreal hauek funtzio aunitz betetzen dituzte. Batetik ikasle eta irakasleak errealitatera hurbiltzeko aukera ematen dute, eta bertzetik eskola komunitatea indartzen dute, eskolako lanari garrantzia eman eta ezagutarazten dute, baloreak transmititzeko eta  herritarrekin kontaktua izateko aukera ematen dute… Horregatik, eskolaren zutabe garrantzitsu bat dira.

Heldu den ikasturtean Lanbide Heziketako lege berria sartuko da indarrean. Nola aldatuko da?

Lege berria lehenbiziko maila guzietan sartuko da indarrean eta aldaketa aunitz ekarriko ditu, bertzeen artean modulu berriak (ingelesa tarteko), eta Duala ere. Lehenbiziko mailatik hasita, ziklo guztietan Dualean ikasiko dute, hau da, eskola eta enpresako praktikak tartekatzen. Erizaintzako zikloan hori ez da aplikatuko, LOGSEko araudian segituko baitu.

Nola eraginen du horrek?

Ikasleak zenbait egunez klasera eta bertzeetan enpresako praktiketara joanen dira, beraz, eskolan ikasitakoa enpresan kontrastatu eta praktikan jartzen ahalko dute, eta enpresan ikasitakoa eskolarekin osatu. Ikastetxearendako ere aldaketa haundia da antolaketan eta metodologian, eta dagoeneko buru-belarri ari gara prestatzen.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrak eman gugan konfiantza jartzen duten ikasle eta familiei, eta lankidetzan ari diren instituzio eta eragileei. Eta dei egiten diegu enpresa eta erakundeei ikasleak praktiketan hartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun