Giro ederra eta jendetza Berroetako mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 22a, 18:00

155 lasterkarik parte hartu zuten atzo goizean Berroetako VII. Mendi Maratoi Erdian, eta eguraldia lagun, jendetza bildu zen lasterketa ikustera. Argazkiak: Maite Uriarte eta Maialen Iantzi

Bi ibilbide egiteko aukera izan zen. Lasterketa luzean, 21,6 kilometro eta 1.275 metroko desnibelarekin, Aitor Blanco izan zen lehendabizikoa ailegatzen eta, beraz, Nafarroako mendi lasterketetako txapelduna bihurtu da. Emakumeei dagokionez, Ainara Alkuaz izan zen irabazle eta Nafarroako titulua lortu zuen. Gizonezkoetan Xabier Macias eta Imañol Kañamares izan ziren bigarren eta hirugarren. Emakumezkoetan, berriz, Olatz Azazetak eta Ane Elzaurdiak osatu zuten podiuma. Lasterketa osatzen lehendabiziko baztandarra Unai Iantzi aniztarra izan zen.

Lasterketa motzan, 15 kilometro eta 737 metroko desnibelarekin, Markel Barrio eta Maialen San Sebastian izan ziren txapeldun. Bigarrenak, berriz, Yelko Pardiñas eta Nerea Huarte, eta hirugarren postuan Kevin Alves eta Miren Juantorena.

Antolatzaileek adierazi dutenez, «eguraldi zoragarria lagun, giro ezin hobea izan zen atzo Berroetan. Herri ttikia izanagatik, herritar guzien auzolanari esker izan da posible horrelako ekitaldi jendetsua aitzinerat ateratzea. Herritar guziak lanen egon ziren, han edo hemen; mendiak markatzen, puntu nahasgarrietan laguntzen, plazako luntxa prestatzen… Ondotik, 50 lagunetik goiti elkartu ziren herri bazkarian eta akabera ezin borobilagoa eman zitzaioan egunari!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun