Erdizko meategiaren proiektuaz

'Magnari kaka egiten' ospatu dute Erdiz Bizirik eguna asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 22a, 12:30

Meategiaren kontrako plataformak egun osoko egitaraua prestatu zuen eta jendetza bildu zen larunbatean Elizondon

«Hogei urteotako ibilbidea oroitu eta txalotzeko eguna» izan zen larunbatekoa Baztanen, eta jendetza bildu zen Merkatuko plazan Erdiz Bizirik plataformak antolatutako egitarauaren bueltan. Goizean haurrendako tailerra eta ekitaldi nagusia, Magnari Kaka izeneko zozketa, egin zituzten. Aziendek kaka egin zuten lekuek erabaki zituzten irabazleak.

Baztango komertzio, ostatu eta zerbitzuetan erabiltzeko hiru sari zozketatu zituzten. Behi kakak erabaki zuen lehen saria, 1.000 eurokoa, 2.751 zenbakiarendako izan zena. Behorrek eman zuten bigarren saria, 300 eurokoa, 196 zenbakiarendako izan zena. Azkenik, ardi kakak hirugarren saria erabaki zuen, 200 eurokoa, eta 2.697 zenbakia izan zen irabazle. Irabazleek 15 egun izanen dituzte sariak eskatzeko, bertzela, berriz ere zozketatuko dituzte.

Egunak eguerdiko bazkariarekin izan zuen segida, eta ondotik Elektrotxorongok girotu zuen arratsaldeko poteoa. Iluntzean Bizphiru Pelau taldearen kontzertua izan zuten, eta DJek borobildu zuten eguna.

Antolatzaileek eskerrak eman diete hurbildutako guztiei eta «eguna posible egiteko buru-belarri lanean aritu ziren boluntarioei, beti gure ondoan egoteagatik eta beren babes zintzoa emateagatik. Ez dugu etsiko, gure lurrak eta bizimodua defendatzen segituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun