Aniztarrek eta Baztango Basaburuko gainerako herrietako herritarrek Oronoz-Mugairin izaten dute medikuaren kontsultategia, baita Oronoz-Mugairiko eta Arraiozko herritarrek ere. Eta hango zerbitzua «ona» dela dio Azkaratek: «Ez dut inongo kexarik. Normalean, deitzen dugularik agudo ematen digute ordua eta arazoren bat baldin bada, etxera etortzen dira. Gainera, medikua eta erizaina euskaldunak dira eta alderdi horretatik ongi gaude».
Elizondoko Osasun Zentroan, pediatrarekin bertzelakoa dute egoera: «Azken aldian ez zaigu aunitzetan tokatu joatea, baina deitu eta normalean egun berean ez da hitzordua hartzeko aukerarik izaten. Batzuetan, haurrak duenaren arabera, bi egun esperatu behar dituzu». Horrez gain, «hitzordua eskatzeko deitu eta telefonoa okupatua izatea tokatzen da, eta berriz deitu behar...».
Ez da hori bakarrik: «Pediatra erdalduna da eta hori niretako arazoa da. Gauden eskualdean izanda, ez dut entenditzen oraino nola ez dugun pediatra euskaldunik. Behin baino gehiagotan eskatu den zerbait da. Pediatraren aldetik arreta arras ona da, baina ez daki euskaraz eta gurasook bitartekari lanak egin behar izaten ditugu». Gauza bera dute emaginarekin: «Arreta ona da, baina erdalduna da». Izan ere, Azkarateri «arras beharrezkoa» iruditzen zaio «gure hizkuntzan artatzea, medikuak, erizainak, administrariak… euskaldunak izatea».
Espezialistekin «Iruñean izaten diren itxaron-zerrenda luzeak» ere aipatu ditu: «Kontsulta eman behar dizutela erraten dizutenetik, hitzordua ematen dizuten arte luze joaten da». Horregatik «zerrenda horiek murrizteko eta esperatzen dugun denbora hori guztia ez esperatzeko, profesional gehiago» eskatu ditu. Eta bide beretik, «Elizondon bertze pediatra bat beharko genukeela iruditzen zait».