Baztango Udalak, liburutegiak eta Kaxkamelon eta Jolastoki komertzioek hainbat jarduera prestatu dituzte Liburuaren Eguneko, apirilaren 23an, Elizondon. Liburu azoka herriko plazan eginen da, goizean 10:30etik 13:30era eta arratsaldean 16:30etik 19:30era.
Helduendako eskaintza izanen da liburutegian. 11:00etan poesia errezitaldi irekia eginen dute, eta nahi duenak parte har dezake gustuko duen poesia irakurriz. 12:00etan Cuarenta despedidas liburua aurkeztuko du Mario Castillejok. 18:00etan, berriz, zaintzaren gaia erdigunera ekarriko dute Ez dadin bizitza eten liburuaren aurkezpenarekin, Emagineko Monika Mendiberriren eskutik. Aurkezpenaren ondotik gaiaren inguruan solastatzeko aukera izanen da.
Haurrek ere izanen dute zer egin Elizondoko plazan. 17:00etan tailer sentsoriala izanen da eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute 696 660 771 telefonoan edo jolastokia.baz@gmail.com helbidean. 18:30ean booktube emanaldia eginen dute, eta 19:00etan orri-markatzaileen tailerra.