Geroa Bai talde parlamentarioaren eskariz egindako bisitaren helburua «Nafarroako ibaietako arrain-fauna zaintzeko lana ezagutzea» zen, «izokinak zaintzeko prozesua, zehazki». Felix Zapatero (UPN), Carlos Mena (PSN), Xebe Txoperena (EH Bildu), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Emilio Jimenez (Vox) izan dira Oronozko arrain haztegira etorri diren parlamentariak eta hauei harrera egin diete Enrique Erasok (Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatea eta Arrainen Kudeaketa Zerbitzuko zuzendaria), Maria Eugenia Hernandok (Arrainen Kudeaketa Ataleko burua), José Ardaizek (Arrantza Kudeaketako Bulegoko burua), Gabriel Salaberri Oronozko arrain haztegiko arduradunak eta bertako langileek.
Parlamentuko ordezkaritzak arrain haztegiaren funtzionamenduaren berri izan du Gabriel Salaberriren eskutik. Hautatutako izokinak putzuetan egoten dira emea ugaltzeko garaian sartu arte, eta, erruteko zorian daudenean, urmael horietatik atera eta anestesia-bainuan sartzen dira, ernaltze artifiziala egiteko. Ekainean, bizirik geratu diren arrainkumeen % 80 hautatzen da, eta udaberriko kimuak ibairatzen dituzte.
Era berean, ekainetik uztailera bitartean, Anozko arrain haztegitik datozen amuarrain kimuak (10 cm ingurukoak, urtean 130.000 kimu inguru) Oronoz-Mugairiko arrain haztegiko instalazioetan hazteko ekartzen dira, 20 cm baino gehiagokoak egin arte. 100.000 amuarrainekin populatzen dituzte ibaiak hurrengo urteko martxotik urrira.
Errutea, inkubazioa, arraben eklosioa eta izokinaren arrainkumeen lehen fasearen garapena egiten den laborategia eta urmaelak ikusi dituzte parlamentariek.