Baztango Kirol eta Berdintasun Zerbitzuek BKT eskubaloi klubaren lana nabarmentzeko ekitaldi berezia egin zuten apirilaren 13an Elizondoko kiroldegian. Alaitz Arretxea eta Gorka Urtasun zinegotziak bertan izan ziren eta adierazi zutenez, «Baztango BKT Eskubaloi Klubak berebiziko garrantzia izan du gure bailaran kirola sustatzeko. Baina bere ekarpena kirol lehiaketa hutsetik haratago doa; kluba gizartea aldatzeko benetako eragilea izan da, batez ere emakumeek kirolean duten parte hartzeari dagokionez».
Taldearen eragina «ez da soilik lortutako garaikurretan eta aintzatespenetan islatzen, zalantzarik gabe garrantzitsuak direnak, baita pertzepzio aldaketan eta emakumeek gure bailaran kirolean duten parte hartzearen gorakadan ere. Eskubaloia baztandar guztiek maite eta errespetatzen duten kirola izatea lortu dute, berdintasunaren, errespetuaren eta laguntasunaren balioak nabarmentzen dituen komunitatea eraikiz».
Bereziki azpimarratu zuten «emakumeek taldean betitik izan duten papera. Zuen dedikazioa, grina eta espiritu menderaezina inspirazio iturri dira, ez bakarrik bailarako neska gazteendako, kirolari handiak izateko ametsa dutenak, komunitate osoarendako baizik».
Eskerrak eman zizkieten kluba osatzen duten eta osatu izan duten kide guztiei, eta oroigarria eman zieten taldeko batzordeko kide diren Idoia Eskudero eta Belen Urrutiari. «Harrotasun haundiarekin» hartu zuten saria, eta «urteetan eskubaloiak gure bizitzetan izan duen garrantzia» azpimarratu zuten.
«Arras eskertuak gaude modu batean edo bertzean klubaren alde egin duzuen lanagatik, eta bereziki 1978 urtean Baztango neska kirolzaleei eskubaloia erakusten hasi zineten horiei, garai hartan kirola gizonezkoendako bakarrik baitzen. Urte hauetan neskek gure indarra kirolean erakutsi dugu, goi mailara eraman arte. BKTk erakutsi duena ordainezina da, eta espero dugu lan honekin urte aunitzetan segitzea».
Horrez gain, esker bereziak eman zizkieten «honen sustraietan lanean aritu ziren bi pertsonei: Iñaki Uriarte eta Xumuxu. Beraiek ikusi zuten kirola Baztango neskendako ere bazela».
Ekitaldia akitzeko, Eneko Fernandezen bertsoa aditu zuten eta Ainara Goñi, Izaro Dendarieta, Eli Bailon eta Amaia Garate jokalariek aurreskua dantzatu zuten, Jaime Biguria, June Dendarieta eta Saioa Biguria txistularien doinuaz lagunduta. Hau da irakurritako bertsoa:
Baloia eskurik esku
magia ta erakarpen
Kantxako lehiaren bidez
eginez hainbat ekarpen!
Bateratu dituzue
Kirol ta aldarrikapen
Bazterrean zegonari
abaguneak ematen
Hamarkadetako lana
saritu nahi dugu aurten
Eskermilaunitz ta segi
erreferente izaten
Baztanen neskek aukera
berdinak izan ditzaten