Baztango Udalak adierazi duenez, aurtengo aurrekontuetan telefono mugikorretako aplikazio bat sortzeko diru sail bat bereizi dute. Dagoeneko hasiak dira garapen lanetan eta bailarako elkarte eta eragileak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Zehazki, aplikazioaren horma nagusian udalaren eta elkarte zein eraginen argitalpenak kontsultatu ahal izanen dira, sare sozialen modura antolatuta. Mezularitza arrunta eta jakinarazpenak jasotzeko aukera izanen du, eta ekitaldien agenda, intzidentziak jakinarazteko gunea eta multimedia atala ere edukiko ditu. Gainera, udal lokalen eta azpiegituren erreserba egiten ahalko da aplikazioaren bidez.
Udalaren atalaz gain, elkarte eta eragileek txoko garrantzitsua izanen dute aplikazioan: beren albisteak, agenda, jakinarazpenak, sare sozialak, inkestak egiteko aukera… bilduko ditu. Bakoitzak kudeatuko du bere eremua. Elkarte eta eragileen atala prestatzeko, parte hartu nahi dutenek hiru gauza bidali beharko dituzte igor.eguren@aiora.eus helbide elektronikora:
- Logoa (210x210 pixel)
- Profilerako argazki horizontala (1.100x600 pixel)
- Deskribapen laburra
Horiek ahalik eta lasterren bidaltzeko eskatu dute. Gainera, jakinarazi dute «aplikazioa erabiltzea nahiko erraza» dela, eta «eskatutakoa bidali eta denbora guttira hezurdura prest izanen dugula». Hori edukita, «aurkezpen moduko bat eginen dugu denekin eta aplikazioa erabiltzeko azalpenak jasoko dituzue».