Salatu dutenez, «herritarrei iritzia ematea hiru aldiz galarazi ondotik, Nafarroako Gobernuak proiektua UGEP gisa inposatu nahi du». Hori dela eta, «gure baliabide propioak erabili behar ditugu inposizio horiei aurre egiteko. Hogei urteren ondotik argi gelditu ez bazaie, bertze behin errepikatuko dugu: ez dugu horrelakorik onartuko! Denek ongi aski dakigu gisa horretako proiektuak eta nekazaritza estentsiboa ez direla bateragarriak, eta multinazionalen promesak inoiz guti betetzen direla».
Horrez gain, «urteotan egindako manifestazio, elkarretaratze eta alegazio bilketetan, baztandarrok gure jarrera zein den garbi erakutsi dugula» aldarrikatu dute, «baina, berriz ere, enpresa multinazionalen promesa lausoak lehenetsi dituzte. Zertaz eta enpresak erran duelako mantenduko eta sustatuko dituela landa eremuko lanpostuak, ingurumen ikuspegiko ekonomia garapena eta kohesio territoriala. Zein ingurumen ikuspegi garatzen lagundu dezake Nafarroako enpresa kutsakorrenetako batek? Nola garatuko da ekonomia Baztango nahiz Nafarroako lehenbiziko sektorearendako estrategikoa den eremu bat suntsitzen bada? Guk argi dugu: Erdizko meategi proiektua bertan behera uztea da aukera bakarra. Landa eremuaren osasuna da gure etorkizuna! Erdiz Bizirik!».