Erdizko meategiaren proiektuaz

Nafarroako EH Bilduk Erdizko proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu ditu

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 10a, 14:30

UGEPak «udal autonomiaren printzipioa urratzen duela» salatu dute, eta proiektuak «Erdiz inguruko balio ekologikoari, paisaia balioari eta naturagune babestu baten osotasunari» eraginen liokeela. Gainera, zalantzan jarri dute proiektuak enplegua sortzeari dagokionez izanen lukeen eragina, «arras mugatua» izanen dela adieraziz.

Nafarroako EH Bilduko Adolfo Araitz parlamentariak eta Fernando Anbustegi Baztango alkateak Erdizko proiektuaren kontrako alegazioak aurkeztu dituzte, gaur goizean, Nafarroako Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan.

Adierazi dutenez, Magnesitas Navarras enpresak egin nahi duen meategi proiektuak «ez ditu ez lur komunalak, ez landa mundua, ez abeltzaintza estentsiboa, ezta baztandarren borondatea ere defendatzen. Gobernuak ez lituzke multinazional baten interesak defendatu behar, horregatik, premiazkoa da proiektuaren onarpena baztertzea».

Aurkeztutako alegazioen arabera, «UGEPa onartzeak urratu egiten du Baztango eta Esteribarko udalen autonomia eta autoantolaketaren printzipioa, horiek baitira udalerrien antolamendua ezartzeko organo eskudunak eta legitimoak. UGEPak berarekin dakar planak eta proiektuak onartzea, udal bakoitzean onartutako plangintzaren mende egon gabe».

Anbustegik gogorarazi du «Baztango Udalak eta Batzar Nagusiak uko egin diotela proiektuaren tramitazioari. Bi erakundeen gainetik pasa nahi du gobernuak, behin baino gehiagotan kontra azaldu garenean. Onartezina da Magnaren eskutik Nafarroako Gobernuak baztandarrak azpiratu nahi izatea. Doike, ez dugu onartuko».

Babestutako eremua

Taldeak adierazi duenez, «proiektua onartzeak eragina du babestutako habitat eta espezieetan, eta Baztango larre tradizionaletan. Dozenaka abeltzain joaten dira urtero behi eta zaldiekin inguru honetara. Iaz 90 abeltzainek erabili zituzten larre horiek beren abereak elikatzeko».

Proiektuak eraginen lukeen eremua «garrantzi handikoa da ekologiaren eta ekonomiaren ikuspegitik, bai duen balio naturalagatik eta baita abeltzaintza tradizionalean duen eraginagatik ere. Ez dugu ahaztu behar abeltzaintza estentsiboak gaitasun handia duela landa populazioa finkatzeko, eta bateragarria eta beharrezkoa dela habitat erdinaturalak eta paisaia mantentzeko, lurraldea modu jasangarrian erabiltzen baitu».

Meatze proiektuaren kokalekua naturgune babestua da. «Babes-lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, Natura 2000 Sarean sartuta baitago, Alduide mendia Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean, eta, aldi berean, onura publikoko mendi batean (OPM) kokatuta dagoelako». Hori dela eta, «erauzketa-jarduera gauzatzea eta KBEan dauden habitat eta espezieetan eragin negatiborik ez izatea bateraezina dela» adierazi dute. «Ezin dugu ahaztu, aplikatu beharreko jurisprudentziaren arabera, KBEaren osotasuna azalera osoak osatzen duela, eta haren zati bati eragiten bazaio, haren osotasunari eragiten zaiola».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun