Goizeko ekitaldi nagusia Baztango XXIV. Ahari Lehiaketa izan da. Zortzi artzainek 31 buru aurkeztu dituzte denera eta Pello Etxegarai, Joseba Zelaieta eta Jose Maria Rekarte aritu dira epaile lanetan. 12 sari banatu dituzte, sei ahari buru gorrietan eta bertze sei buru beltzetan.
Buru gorriei dagokionez sari nagusiak Arraiozko Sagrario Urrozentzat izan dira. Zehazki, antxuarikoen sailean hirugarren eta lehen sariak lortu ditu, baita aharietan lehen saria ere. Bertze saritua Julen Elizetxe amaiurtarra izan da, antxuarioketan bigarren saria lortu du eta aharietan hirugarren eta bigarren sariak.
Buru beltzei dagokionez, antxuarikoen sailean Almandozko Begoña Etxalarrek lortu du hirugarren saria eta bigarrena eta lehenengoa Beartzungo Manuel Bertizek. Ahariei dagokionez, hirugarren saria Oronoz-Mugairiko Jorge Oteizak lortu du, bigarrena Beartzungo Manuel Bertizek eta lehenengoa Miguel Angel Maritorena iruritarrak.
Hirugarren saria hartu dutenek 40 euro lortu dituzte, bigarren postua lortu dutenek 60 euro eta irabazleek 90 euro eta makila.