Baztango Gizarte eta Berdintasun Zerbitzuek formakuntza saioak prestatu dituzte, tokiko mugimendu feministarekin elkarlanean. Saioak martxoan hasi ziren, eta apirilean eta maiatzean izanen dute segida, fokua ostalaritzan eta besta komisioen gainean paratuz.
Apirilaren 17an zein 22an 'Moztu dezagun indarkeria matxista' ordubeteko formakuntza eginen dute ostalariendako. Hilaren 17an Elizondoko Herriko Etxean izanen da eta lau saio izanen dira: 10:00etan eta 19:00etan gaztelaniaz eta 11:30ean eta 17:30ean euskaraz. 22an, berriz, Arizkunenean izanen dira saioak: 10:00etan eta 17:30ean euskaraz eta 11:30ean eta 16:00etan gaztelaniaz. Indarkeria matxista eta sexuala zer den, negozioan zerbait gertatuz gero nola artatu eta zein baliabide badiren landuko dute formakuntzan, eta saio bat aukeratu eta izena ematera animatu dituzte ostalariak.
Brigada Morea antolatu nahi duten komisio eta herritarrendako, berriz, maiatzaren 4an eta 18an izanen dira saioak, 10:30etik 12:30era. Euskaraz izanen dira biak. Azaldu dutenez, «brigadak boluntarioz osatuta daude eta bestetan eraso sexistak edota sexualak pairatu ditzaketen biktimei babesa eta arreta eskaintzeko zeregina izanen dute, karrikan bertan. Edozein laguntza behar izanez gero, hurbilen dauden pertsonak izanen dira».
Gaian aditua den Miren Orozkok gidatuko ditu prestakuntza saioak eta parte hartzaileei funtsezko ezagutzak emanen dizkie. Saio guztietan izena eman beharko da eta horretarako eskuragarri daude berdintasuna@baztan.eus eta gizartezerbitzua@baztan.eus korreoak, baita 613 003 634 eta 689 035 078 telefonoak.