Arrakastatsua izan da Onddo Cup Baztango II. areto futbol txapelketa

Ttipi-Ttapa 2024ko api. 2a, 15:00

Baztango eta inguruko 12 taldek parte hartu dute Aste Sainduan txapelketa solidarioan eta Doneztebeko Bozka Juniors taldea izan da garaile. Antolatzaileek 3.000 euro bildu dituzte eta Saray eta Biziraun elkarteen artean banatu dituzte

Argazkiak: Ondikol eta Onddo Cup

Martxoaren 24an abiatu zuten Onddo Cup areto futbol txapelketa Elizondoko kiroldegian, eta 12 talde aritu ziren lehian. Asteartera arte lehen jardunaldiak jokatu zituzten, eta asteazkenean hasi zuten kanporaketa fasea. Lehenbiziko egunean La Ultimika, Basaburua, Manchester Piti eta Leñasburgo izan ziren kanporatuak, eta ortzegunean, final laurdenetan, FC Nicas, Kolmeneros FC, Gartzain eta Aietzak taldeak gelditu ziren kanpoan.

Ortziralean izan zituzten finalerdiak eta Elizondoko Minabo de Kiev eta Zarpaiak taldeak izan ziren kanporatuak, beraz, Doneztebeko Bozka Juniors eta Ultzamako Galacteos de Goshua sailkatu ziren finalera. Kiroldegia jendez lepo zela, doneztebarrak gailendu ziren azken norgehiagokan.

Sari banaketan, sailkatutako lehenbiziko lau taldeak saritzeaz gain, bakarkako sariak ere banatu zituzten: Imanol Goienetxe elbetearrak lortu zuen pitxitxiaren titulua, 13 golekin; Imanol Del Campo elizondoarra izendatu zuten atezainik hoberena; eta Markel Jabalera doneztebarra izan zen jokalaririk onena.

Ekitaldia akitzeko, antolatzaileek bildutako dirua eman zieten elkarteei. Saray Bularreko Minbiziaren Nafarroako Elkarteari 1.500 euro eman zizkioten, eta Biziraun suizidioz hildakoen familia eta lagunen elkarteari bertze 1.500 euro.

Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, «txapelketa arras ongi joan zen eta egun gehienetan kiroldegia bete zen, baina batez ere azken egunetan gainezka zegoen eta kristoren giroa sortu zen. Eskertu nahi dugu aste honetako dedikazioa, izena eman duten taldeei, boluntario lanetan ibili direnei, babesleei eta ikustera hurbildu den jende guziari. Alderdi guziak ezinbertzekoak dira eta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun